EH Bilduk Polloeko gurutze frankista eraisteko eskatu du
CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.
EH Bilduren udal taldeak CNTren eskaera ofiziala babestu du eta Polloeko gurutze frankista eraisteko eskatu die Donostiako Udalari eta Gogora Institutuari. Era berean, “faxistekin batera mausoleoan lurperatu zituzten” frankismoaren biktimak guztiak bilatzeko” eskatu dute; hots, 2022an hiriko hainbat historialarik egindako ikerketari jarraipena bultzatu dezatela: “Eusko Jaurlaritzari, Gogora Institutuari zehazki, ez diogu ezer eskatzen berak Madrilgo Gobernuari El valle de los Caidos inguruan eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko”.
Koalizio abertzaleak, atzo, tropa frankistak Donostiara sartu ziren egunaren 88. urteurrenean, egin zuen eskaera. EH Bilduk efemeridea baliatu zuen, halaber, urtero moduan, “memoria eta duintasuna” aldarrikatzea ezinbestekoa dela gogorarazteko. Hala, Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Kontseiluak deitutako memoria ekitaldian ez ezik, Donostiako genozidioaren biktimen memoria ekitaldian ere hartu zuen parte. Era berean, ohartarazi zuen sektore erreakzionarioek Dual eskulturan faxisten izenak eransteko eskatu dutela: ” Honek erne mantentzen gaitu eta tinko eutsiko diogu memoriarako obraren jatorria desitxuratu eta zikintzeko ahalegina gauzatu ez dadin”, baieztatu zuten zabaldutako oharrean.
Amaitu gabeko ikerketa
EH Bilduk bere oharrean gogorarazi duenez, Aranzadi zientzia elkarteak 2022an abiatu zuen mausoleoaren ikerketa eta hobiraturiko 121 pertsonaren izen zerrenda osatu zuen orduan. Lehenengo azterketa bat eginda, baieztatu zuten horietatik, “gutxienez”, hamazazpi gudari eta miliziano antifaxistak zirela. Batez ere, PCE, CNT eta UGTko militanteak, Donostia tropa faxistetatik defendatzera etorritakoak. Aranzadi elkarteak orduan baieztatu zuenez, ikertzen jarraitzeko asmoa zuen, “beste hamalau” bertan ote dauden jakitea falta baitzen.