Txomiñeneak auzoaren beharretarako nahi du Kristobaldegi komentua
Udalaren ezezkoaren ostean, mojen salerosketa eskaintza berriz planteatu dezala eskatu diote bizilagunek. Urteetan hitzeman zaizkien azpiegiturak behingoz jarri ditzatela exijitzen dute.
Txomiñeneako Lanberri auzo elkarteak deituta, bizilagun andana bildu zen atzo arratsaldean, Kristobaldegi komentuaren aurrean. Donostiako Udalari urteetan planteatu dituen azpiegitura publikoak behingoz jar ditzala eskatu diote eta, bide horretan, datorren hilabetean hustuko den Kristobaldegi komentua auzotarren beharretara bideratu dezala: “Aukera izugarriak ematen dituen eraikina da, udalak eskaini ez dizkigun azpiegitura ugari bertan kokatzeko”.
XIX. mendeko eraikinean sei moja gutxi baino ez dira bizi, eta ez dute belaunaldi erreleborik. Hori dela eta, mojek Txomiñeneko bizitokia utzi eta beste komentu batera lekualdatu beharko dira datorren hilabetean. Hain zuzen, lekualdaketa iragarri zutenetik, mojek udalari zein aldundiari eskaini diote Urumea ibaiaren ertzean dagoen eremua: “Concepcionistas Loiolako Frantziskotarrak zuengana jotzen dugu Kristobaldegi pasealekuko 26. zenbakian dauden bi komentuak eta beren jabetzako baratzearen harira; jabetza horiek erosteko interesa izango bazenute”, helarazi zien Alicia Lamiquiz Ajuria abadesak iragan maiatzean igorritako gutunean. Udalak, baina, ezezkoarekin erantzun die mojei.
Egoera honetan, Txomiñeneko bizilagunak beldur dira turismora bideratutako negozio batek ez ote duen eremua hartuko. Adierazi dutenez, enpresa pribatuen hainbat erosketa eskaintza jaso dituzte komentuan, eta hori “auzoak behar duenaren kontrako norabidean joatea litzateke”, euren ustez. Gauzak horrela, Kristobaldegi Auzoarentzat kanpainia abiatu dute elkarren arteko indarrak batzeko, eta dagoeneko, hasi dira sinadura bilketa handi batekin.