Bentaberri, Intxaurrondo eta Etxadiko gimnasio berrituak ireki dituzte
Donostia Kirolak udal kiroldegietako gimnasioak berritzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du, azken urteotan gehien eskatzen ari den kirol guneetako bat baita. Kirol txartelarekin dagoeneko 5.200 metro koadroko gimnasioak erabili daitezke.
Bentaberriko udal kiroldegiko gimnasioak 420 metro koadroko azalera du, eta hainbat berrikuntza ditu. Hala nola, pisu libreko, entrenamendu funtzionaleko eta eremu kardiobaskularreko lan eremuak. Pisu libreko eremuan zoladura berezia jarri dute, eta pisu libreen aukera zabala izan da, 2 kilotik 42 kilora bitarteko barra olinpikoekin. Gune aerobiko berriak 48 makina ditu; eliptikoak, zintak, eski-simulagailua, eskailera amaigabea, bizikletak eta abar.
Etxadiko kiroldegian, makinak berritzeaz gain, gimnasioaren azalera handitu dute: 170 metro koadro ditu orain. Horrekin batera, gimnasioaren eraldaketa integrala egin dute: pisu libreko eremuak, indar gidatuko lana, funtzionala eta kardiobaskularra jarri dituzte. Indar gidatuko eremuan, muskulu talde guztiak lantzeko bederatzi makina berri jarri dituzte: bizeps, kuadrizeps, deltoide, abdominal eta beste lantzeko. Gune kardiobaskularrak, berriz, hemeretzi makina berri ditu.
Intxaurrondoko kiroldegiak, berriz,268 metro koadroko azalera dauka. Berrikuntza integrala egin dute: pisu libreko gunea, indar gidatua, kardiobaskularra eta funtzionala jarri dituzte. Indar gidatuko zonaren kasuan, hamar makina instalatu dituzte, eta kardiobaskularren 25. Entrenamendu funtzionaleko eremuak TRXa, eraztunak, horma bularrak eta abar dituzten egiturak ditu.
Alokairu bidezkoa
Gimnasioetako ekipamendua alokairu bidezko formularen bidez kontratatu dute, inbertsioa zuzenean egin beharrean. Horrek hobekuntza handiak ekarriko ditu makinen mantentze lanetan eta eguneratzean. Kontratu honek bost urteko iraupena izango du, eta horien amaieran gimnasioa guztiz berrituko da. Datozen bost urteetan, 462.000 euro bideratuko ditu Donostiako Kulturak.