Bidebietako ikasleek bi film labur proiektatuko dituzte Zinemaldian
Zinekin programaren bitartez, nerabeengan ikus-entzuneko sorkuntza sustatzea dute xede.
Bidebietako Bideberri institutuko ikasleen La Influencer eta Tiroteo film laburrak datorren larunbatean (17:00) proiektatuko dituzte Trueba Zineman, 72. Zinemaldiaren baitan. DBHko 4. mailako 31 ikaslek sei astean egin dituzten ekoizpenak dira horiek; euren kezkak, ezinegonak eta beharrak sorkuntza zinematografikoan txertatzeko aukeraren emaitza. Gipuzkoako Aldundiak adierazi duenez, ikus-entzunezkoetan oinarritzen den proiektu horren bitartez, euren bizitzan izan dezaketen ibilbide berri bat erakutsi nahi izan diete nerabeei.
Programa hau Zaragueta Zulaica Fundazioak sortu zuen duela bi urte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuak babesten du. Zinekin egitasmoaren bitartez, urtero-urtero, ikastetxe ezberdin bateko gazte talde bat hautatzen dute, eta hamalau eta hamazazpi urte bitarteko nerabeek film labur baten sorkuntza prozesu osoan hartzen dute parte. Hala, gidoigintzatik pantaila handian proiektatzen den arte askotariko lanak izan ohi dituzte: zuzendaritza, rolen interpretazioa, soinu eta argiztapena eta edizioa, besteak beste.
Aurten, Bidebietako Bideberri institutuaren aniztasuna eta testuinguru soziala hartu dute kontuan, zentro hori aukeratzerako orduan. Izan ere, aldundiaren arabera, 25 jatorritako ikasleak batzen dituen institutu horrek “aberastasun handia” ematen dio Donostiari: “Kohesioa eta gizarteratzea dira bere nortasun ikurra eta indarra, eta erakunde publikoen zeregina da pertsona guztien erabateko integrazioaren aldeko politiketan lan egitea”, nabarmendu du Goizane Alvarez Kultura eta Lankidetza diputatuak.