Donostiako udaltzain izateko euskara jakitea eskatzea «diskriminatzailea» dela berretsi du Auzitegi Gorenak
Donostian udaltzain izateko ez da beharrezkoa euskara jakitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Goreneko epaile batek berretsi duenez. Horrela, Gorenak babestu egin du urtarrilean Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiak plazaratutako epaia, udaltzain guztiei euskara eskakizuna eskatzea “diskriminatzailea” dela esanez eta Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua urratzen duela berretsiz. Ebazpena ez da behin betikoa, Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko aukera baitago oraindik.
Donostiako Udalak helegitea jarri zion epai horri, eta helegite horren erantzuna da Gorenaren epaia. Horrela, gaur gaurkoz, euskaldunen hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari dira beste behin ere, euskara hizkuntza ofiziala izanda ere, euskaldunek ez baitute bermatuta langile publiko ororekin —kasu honetan, udaltzain ororekin— euskaraz hitz egin ahal izatea.
2022ko eskakizuna
Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20ko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen B2 mailako euskara eskakizuna baldintza gisa jartzea, Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko. Aipaturiko euskara maila ez zuen partikular batek, ordea, hizkuntz eskakizunaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen udalean, baina udalak ez zuen onartu: “Euskara hizkuntza eskakizuna justifikatuta” zegoela argudiatu zuen udalak, “herritarrei euskaraz erantzungo zaiela bermatzeko”.
Herritarrak, aldiz, Administraziorekiko Auzietarako Epaitegira jo zuen, eta epaitegiak arrazoia eman zion. Euskara jakitea “eskubidea” dela zioen epaiak, baina “ez betebeharra”, udaltzainek ematen dutena zerbitzu publiko bat izan arren. Horregatik, epaileak ebatzi zuen ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek euskaraz jakitea, baizik eta nahikoa dela “bikote bakoitzean batek baldin badaki”. Hori guztia berretsi du orain Gorenak.
Aurrekariak
Epai hori bat dator 2021eko maiatzaren 4an emandako epaiarekin; izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen Irungo Udalak 2017an hamabi plaza betetzeko abian jarri zuen Udaltzaingoaren enplegu deialdia. Ordutik, euskara eskakizunen aurkako salaketa eta epai ugari izan dira Euskal Herriko zenbait lekutan; Donostian, Udaltzaingoaren auziaren aurretik, Uliazpikoa izan da zeresan gehien eman duena. Hain zuzen ere, besteak beste, euskalgintzako eragile hainbatek euskararen aurkako “oldarralditzat” jo dituzte halako epaiak, eta mobilizazio ugari egin dituzte horren aurka.
Donostiako Udaltzaingoaren auziko epaia bat dator EAEko Justizia Auzitegi Gorenak 2021ean Irungo Udaltzaingoaren kasuan ezarritako ildoarekin; zera ebatzi zuen orduan epaitegiak: “Administrazioak bidea bilatu behar du herritarrek euskararekin harremanak euskaraz izateko aukera bermatzeko, hizkuntza hori ezagutzen ez duten herritarrek enplegu publikoa eskuratzeko duten eskubidean diskriminaziorik eragin gabe”. Hortaz, “ezin da euskararen ezagutza eskatu kargu publiko guztietara iristeko, baldin eta herritar multzo batek ez badaki (eta ez du horretarako betebeharrik) hizkuntza koofiziala”.