Ikastaroak, irteerak, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte Mugikortasun Astearen bueltan
Gaurtik (hilak 16) igandera bitarte, Europako Mugikortasun Astea ospatuko da, eta Donostiako Udalak, hiriko hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau zabala prestatu du. Europako Batzordeak aurten aukeratu duen gaia Espazio Publiko Partekatua da, eta Konbinatu eta mugitu zaitez! da leloa. Hain zuzen ere, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez, “aurtengo Mugikortasunaren Europako Astearen gaia ezin hobeto uztartzen da Donostia, azken urteotan, hiri espazioak berreskuratzeko egiten ari den lanketarekin, mugikortasun aktiborako edo herritarren gozamenerako”.
Horrela, gaur hasiko dira Mugikortasun Asteko jarduerekin Donostiroller patinatzaileen elkartearen eskutik Ibaetan antolatu duten irteerarekin (19:00etan, Karlos Santamaria plazatik). Horrez gain, egunero egongo dira jarduerak: besteak beste, bizikletak konpontzeko ikastaroak eta bizikleta irteerak Kalapie elkartearen eskutik, sentsibilizazio jarduerak Dbuseko gidarien eskutik, hitzaldiak EHUren eskutik eta Parking Day eguna Cristina Enea fundazioaren eta beste erakunde batzuen eskutik; egitarau osoa beheko argazkiak ikus dezakezue.
Mugikortasun Astea da Europako Batzordeak hiri mugikortasun jasangarriari buruz egiten duen sentsibilizazio kanpaina nagusia, eta helburu bikoitza du, udalak nabarmendu duenez: “Batetik, Europako tokiko agintariak garraio jasangarriaren aldeko neurriak sustatzera animatzea, eta bestetik, herritarrak ibilgailu pribatuaren ordezko beste aukera batzuk probatzera animatzea, garraio publikoa eta beste garraio aukera garbi eta adimendun batzuk erabiliz”.
Bestalde, Mugikortasun Astea dela eta, bizikletarekin lotutako beste bi egitasmo garatuko ditu udalak. Alde batetik, Dbizi sistemaren erabiltzaileen “fideltasuna” saritzeko, urte osorako bost abonamendu zozkatuko ditu udalak, aste honetan bizikleta sistema publikoa gehien erabiltzen duten pertsonen artean. Bestetik, udalak Hiriko bizikletaren erabiltzaileentzako gida praktikoa argitaratu du Kalapierekin elkarlanean, eta Kalapie kolektiboaren beraren, Dbizi zerbitzuaren eta udalaren webgunearen bidez banatuko dute.