Kaleratzeak Stop plataformak babes ofizialeko etxebizitzen kopurua handitzeko errekurtsoa kendu du
Ibaetan aurreikusita zegoen etxebizitza sozialerako ehunekoa handitzea zuen xede plataformak, baina %40an geldituko da.
Kaleratzeak Stop plataformak atzera bota du Donostiako Udalaren kontra jarritako errekurtsoa. Etxebizitza eskubidea defendatzen duen taldeak babes ofizialeko etxebizitzen legezko gutxieneko ehunekoa handitzea eskatzen zuen, hirian alokairu sozialerako “defizit handia” baitago. Gaur egun, eraikitzen diren etxebizitzen guztien %40 babes ofizialekoak izan behar dute, gutxienez eta legez. Ordea, taldeak orduan adierazi zuen sustapen horien etxebizitza publikoen ehunekoa %60 eta %80ra igo beharko litzatekeela. Nolanahi ere, errekurtsoa kendu dute eragozpenak sor ditzakeelako Tentsio Handiko Eremuaren izendapena presazko bidetik kudeatzerakoan.
Etxebizitza plataformak maiatzean aurkeztu zuen udalaren aurkako errekurtsoa. Horren ostean, kritika gogorrak jaso zituen udal gobernuko ordezkarien partetik. Besteak beste, Eneko Goia alkateak hurrengo adierazpenak egin zituen El Diario Vasco egunkarian idatzitako Donostia y el club del no iritzi artikuluan: “Hirian aukerarik eta etxebizitza eskaintzarik ez dagoela salatu da, bultzatu nahi diren garapen guzti-guztiak zapuzteko”.
Uztailean, berriz, Hirigintzako zinegotzi Nekane Arzallus eta Etxegintzako zuzendaria udal taldeekin, Kaleratzeak Stop plataformarekin eta hiriko beste hainbat eragile sozialekin bildu ziren Donostia, bere osotasunean, Tentsio Handiko Eremu izendatu nahi zutela jakinarazteko. Izendapen horretan barruan sartu zuten Etxebizitza Udal Plan Berezia, eta plan horren baitan daude hain zuzen Ibaetan, Izadi Enean, sustatu nahi dituzten etxebizitzak ere.
Bilera horretan bertan, Kaleratzeak Stop plataformak iragarri zuen errekurtsoa kenduko zuela, presazko bideari oztoporik ez jartzeko. Nolanahi ere, etxebizitza plataformak jakinarazi du errekurtsoaren helburuak mantentzen dituztela oraindik eta, beraz, etxebizitza sozialaren egoera hobetu ezean, ez dutela baztertu etorkizunean berriz ere aurkeztea: “Baldin eta EAJren etxebizitza politikak konponbiderik ematen ez badie gehiengo sozial handi baten etxebizitza premiei”.
Izadi Enea proiektua
Plataformak argitu zuen errekurtso bakarra jarri zuela EAEko Auzitegi Nagusian, Ibaetan, El Diario Vasco egunkariaren egoitza zegoen eremuan egin behar dituzten proiektuari eragiteko. Amenabarren proiektu horrek 252 etxebizitza ditu aurreikusita, eta %40ko legezko gutxienekoa mantenduko du etxebizitza sozialerako. Hala, 100 etxebizitza egongo dira soilik interesa adierazi duten 2.200 familientzako.