Lorea Argaratek jasoko du Gladys Saria
Lorea Argarate Zubia (Bilbo, 1990) teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jasoko du aurtengo Gladys Saria. Ekitaldia hilaren 26an izango da Ibaetako EHUren Informatika Fakultatean. Epaimahaiak Argarateren ekintzaile izaera, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu.
Argarate Bilbon jaio zen eta Berlinen bizi da. Arlo akademikoan fisika gradua hasi bazuen ere telekomunikazio ingeniaria da (Deustuko Unibertsitatea, 2016). Antolakuntza industrialeko graduondokoa egina du (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta bi master: Big Data & BI (Deustuko Unibertsitatea, 2017) eta irakasleen prestakuntza masterra (VIU, 2018). Blockchain programa ere osatu zuen Deustuko Unibertsitatean (2018). Egun TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da, eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.
Musikarekiko pasio handia duen pertsona da, eta horrek fisikako ikasketak egitera bultzatu zuen, akustika ikasteko asmoarekin. Hala ere, ikasketak ez zituen momentu horretan amaitu eta telekomunikazio ingeniaritzan hasi zen, soinuan eta irudian espezializatuz. Bertan, arlo digitala eta programazioa ezagutu zituen.
Gradua amaitu ondoren, beste esparru batzuetan murgiltzeko gogoz, antolakuntza industrialeko eta Big Data-ko masterrak egin zituen. Orduan hasi zen Deustotech-en lanean. Hezkuntzarekin eta zientzia-dibulgazioarekin zuen harreman estua ikusita, irakasleen prestakuntzarako master bat ere egin zuen, oinarri sendoagoak izateko.
Argarate oso gaztetatik bizi izan da zientzia eta teknologiaren dibulgazioan murgilduta, bertako eta kanpoko agenteekin harremanetan, jakintza partekatuz. STEAM ikuspegia oso presente izan du, InspiraSTEAM proiektuaren hasiera bizitzeko aukera izan baitzuen, eta ordutik, neskatilengan izan daitekeen inpaktuari erreparatu dio. Bestalde, White Mirror / Tech for Good teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen.
Klarinete jotzaile gisa karrera egina du, baina azken urteotan ezagunagoa da musika elektronikoan egin duen ibilbideagatik. Las Tea Party DJ bikoteko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun Mauriziak Ez Du Inor Hil taldearekin ari da, eta bakarka ere aritzen da Hamaika izenpean.