Azken egunotako eraso matxistek «kezka» eta «nazka» eragin dute Donostiako Udalean
Udal taldeek eguerdian egin dute bilkura, azken egunotako bigarren eraso matxista salatzeko.
Oso denbora laburrean jazo dira Donostiako azken bi eraso matxistak: Easo plazaren lur azpiko aparkalekuan izan zen lehena, hilaren 4an; hilaren 13an, berriz, bigarrena, Groseko Katalunia plazaren lur azpiko aparkalekuan. 10 egunetan jaso jazo diren gertakari horiek “kezka” sortu dutela baieztatu du Donostiako alkate Eneko Goiak eta elkartasun mezua ere helarazi nahi izan die biktimei: “Horrelakoak gure hirian ikusteak nazka eta gaitzespena eragiten dute, dudarik gabe”, adierazi du udal talde guztiek bigarren erasoa gaitzesteko deitu duten elkarretaratzearen aurretik.
Udal taldeek atzo eman zuten bigarren erasoaren berri, adierazpen instituzional bateratu batekin batera . Zabaldutako idatzian, udalak irmo gaitzetsi zuen erasoa eta bere “zerbitzu eta baliabideak” jarri zituen biktimen esku. Era berean, argi adierazi zuen, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera lanean jarraitu beharko duela “balioetan oinarritutako heziketa” eta “sexuen hezkuntza” lantzeko.
Segurtasun falta, gauetan
Katalunia plazako aparkalekuko langileek gauetako segurtasun faltaren berri eman dute azken gertakarien harira. Adierazi dutenez, hiriko hainbat aparkalekutan segurtasun langileak falta dira 23:00ak eta 7:00ak bitarte, Telpark enpresak emakida eskuratu zuenetik. Horren aurrean, “baldintza agiriak berrikusi” beharko dituztela zehaztu du alkateak, enpresak dituen betebeharrak betetzen ari ote den egiaztatzeko.