«Euskararen ofizialtasunaren aurkako eraso zuzena da»
Donostiako Udalak euskararen eskakizuna "tresna guztiekin" defendatuko duela berretsi du Eneko Goia alkateak.
EAEko Auzitegi Goreneko epaile batek berretsi duenez, Donostian udaltzain guztiei euskara eskakizuna eskatzea “diskriminatzailea” da. Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiak urtarrilean plazaratutako epaia berretsi du EAEko Auzitegi Gorenak azken egunotan. Donostiako Udalak helegitea jarri zion epai horri, eta helegite horren erantzuna da gorenaren epaia. Hain zuzen, erabaki hori euskararen ofizialtasunaren “eraso zuzentzat” hartu du Eneko Goia alkateak: “Horrelako epaiek euskararen normaltasunean oso eragin negatiboa dute eta, are gehiago, zalantzan jartzen du benetan hizkuntza ofizial batek zer suposatzen duen hiritarrei dagokionean”.
Goiak adierazi duenez, udalaren zerbitzu juridikoek epai horren aurrean “zein bide” hartu dezaketen ari dira aztertzen. Izan ere, ebazpena ez da behin betikoa, eta Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko aukera dago oraindik. Hala, epai horren aurrean aurrera jarraitzeko duten “borondatea irmoa” berretsi udalak, eta iragarri du zerbitzua elebitan emateko “tresna guztiak” erabiliko dituela: “Guk uste dugu euskal administrazioek bermatu egin behar dutela hiritarrei zerbitzua elebitan ematea, hori da behintzat, hizkuntza bat ofizial izateak suposatzen duena”, adierazi du alkateak.
2022ko eskakizuna
Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20ko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen B2 mailako euskara eskakizuna baldintza gisa jartzea, Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko. Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiko epaileak adierazi zuenez, eskakizun horrekin herritar talde bati lehentasuna ematen ari zaio beste batzuen aurrean, eta ez da beharrezkoa: “Ez da beharrezkoa udaltzainek euskara jakitea. Oro har, nahikoa izango litzateke bikote bakoitzeko kide batek euskara jakitea”, adierazi zuen urtarrileko ebazpenean.