Itziar Otegik irabazi du Donostia Hiria Kutxa saria kontakizunen alorrean
'Ezer ez dago utzi nuen lekuan' izeneko lanagatik saritu dute Otegi, eta Elkar argitaletxearekin plazaratuko du. Antzerki alorreko saria Jon K. Sanchezi eman diote, 'Ez izan' obragatik.
Donostia Hiriko Kutxa literatur sariaren aurtengo irabazleen berri eman dute. Euskarazko adarrean, Itziar Otegi izan da garaile kontakizunen alorrean, eta Jon K. Sanchezek irabazi du antzerki alorrean. Kutxa fundazioak 57. aldiz antolatu du sariketa —15.000na euro eta garaikurrak ematen dituzte haren bidez—, eta, aurten, bi autore ez, hiru nabarmendu ditu euskarazko parte hartzaileen artean. Kontakizunen atalean, aipamen berezia erdietsi du Julen Belamunok, Iragan atergabea lanari esker.
Ezer ez dago utzi nuen lekuan izenburupean bildutako narrazioagatik saritu dute Itziar Otegi, zehazki. Sariketaren oinarrietan jasoa dagoenez, autoreek gutxienez lau narrazio osatu behar dituzte, zernahi gai eta eratakoak. Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Jon Kortazar aritu dira epaile atal horretan. Otegik Elkar argitaletxearekin kaleratuko du lana.
Jon K. Sanchezek Ez izan izeneko antzezlanari esker jaso du Donostia Hiriko Kutxa saria antzerki alorrean. Hauek izan dira epaile zereginetan: Iñaki Cid, Amancay Gaztañaga Sagarzazu eta Ainara Gurrutxaga Juanikorena.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.