Zinemaldiko izarrak jantziko dituzte hamaika euskal moda enpresek
Zortzigarren urtez jarraian, Izarrak janzten proiektuari esker, euskal moda sustatu eta ikusarazi ahal izango da, tokiko diseinatzaileek aktore, aurkezle eta gala zuzendarientzat sortutako jantziekin. Gaur goizean egin dute aurkezpena udaletxean, eta xehetasunak eman dituzte.
72. Donostiako Zinemaldirako 29 enpresek eman zuten izena egitasmoan parte hartzeko. Uztailean eta abuztuan egindako proposamenak aurkeztu eta Zinemaldiko estilista ofizialek egindako analisiaren ondoren, hamaika izan dira hautatuak: Amaia Albes, Ines de la Rosa, Inge Zubeldia, Joyeria Gonzalez Larrauri, Joyeria Munoa, Isabel Zapardiez, Kevin Blandin, Loreak Mendian, Noventa Grados, Sastreria Aldabaldetreku eta SKFK.
“Donostiako labela duen moda protagonista izango da berriro Zinemaldiko alfonbra gorrian eta galetan. Gure tokiko diseinatzaileen lana erakustaldi bat da beti. Eta aurten ere, inoiz ez bezala jantziko dira zinema arloko artista eta aurpegi ezagunak”, adierazi du Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, berriz, hauxe esan du: “Zinemaldia harro dago euskal enpresa ehunari laguntzeagatik, kasu honetan modaren sektoreari, eta sortzaileentzako nazioarteko erakusleiho izateagatik”.