Donostia Kulturaren Poesia Lehiaketan lanak aurkezteko epea ireki dute
Abian da 8. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa, Balea Zuria argitaletxearen eta Donostia Kulturaren eskutik. Hain zuzen ere, lehiaketaren oinarriak argitaratu eta lanak aurkezteko epea ireki dute dagoeneko, eta abenduaren 31ra arte egongo da zabalik. Lehiaketaren helburua da euskarazko poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada ematea, 35 urtetik beherako egile berrientzako egitasmoa baita. Lanak dkpoesialehiaketa@donostia.eus helbide elektronikora bidali behar dira.
Aurkeztutako lanek, gutxienez, 600 bertso lerro eduki behar dituzte eta gehienez 1.000: gaia, errima eta neurria, aldiz, libreak dira. Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi idazleek osatuko dute epaimahaia, eta irabazlea 2025eko martxoaren 21a baino lehen jakinaraziko dute.
Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, baita Imanol Larrinagaren margolan bat ere. Horrez gain, Balea Zuria argitaletxeak irabazlearen lana argitaratuko du eta egilea Poesia eta Pentsamendua errezitalean parte hartzera gonbidatua izango da.
2018an hasi ziren
2018. urtetik ari dira aipaturiko lehiaketa etenik gabe antolatzen, eta honakoak izan dira urteotako irabazleak, ordenan: Estibaliz Martinez, Gorka Salces, Lizar Begoña, Maialen Berasategi, Izaskun Igoa, Julen Apella eta Beñat Arruti Irigoien.