Donostiako lehen anime topaketa egingo dute: Animedon
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko sail berri bat izango da, eta Akira Toriyama omenduko dute lehenengo edizio honetan.
Animedon Donostiako Anime Topaketa egingo dute, lehenengoz, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan. Urriaren 25etik azaroaren 1era egingo dute jaialdia, eta sail berri honen barruan, proiekzioak, tailerrak eta erakusketak egingo dituzte, besteak beste. Antolatzaileen iritziz, historikoki, animazio japoniarraren zaleentzako babeslekua izan da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta askotan zinema mota horren ezaugarri adierazgarrienak eta erakargarrienak programatu izan ditu.
Hala ere, urte honetatik aurrera, harago joan nahi dute, eta filmak programatzeaz gain, jarduera paraleloak ere izango ditu, tartean animearen munduarekin ikuspegi poliedriko batetik lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak. Harri X. Fernandez kazetaria da Animadonen koordinatzailea, eta gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, animazioaren tradizio japoniarra pantaila handian ikustea da sail berri honen helburua, eta publiko gaztea zinemara erakartzea ere bai: “Z belaunaldiaren %42k astero kontsumitzen du animea. Zinema aretoetan publikoa berritzearen garrantziaz jabetuta, Animedonek gazteei egiten die gonbidapena azken filmekin pantaila handian goza dezaten”.
Horretarako, lehen edizioak leitmotiv bat izango du: Akira Toriyama eta berak egindako Drago Bola obra. “Alde batetik, Akira Toriyama martxoan zendu zen, eta oso manga egile garrantzitsua izan zen; ziurrenik, hemen inguruan ezagunenetarikoa. Bestalde, urrian 35 urte beteko dira ETBk lehen aldiz Dragoi Bola bota zuenetik. Horregatik, eta Dragoi Bolak belaunaldi konkretu batean izan zuen inpaktuagatik eta euskalduntzearen alde egin zuen lana ikusita, omenaldi bat egin nahi diegu lan hartan aritu zirenei”, adierazi du Fernandezek.
Animadoneko ekitaldi nagusia
Ekitaldi nagusia urriaren 20an izango da, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo diete Dragoi Bolaren euskarazko bikoizleei. Ekitaldi horretan, Dragoi Bolaren lehen atala proiektatuko da. Hain zuzen ere, 1989ko urriaren 4an ETB-1en bota zuten atal hori lehenengoz. Proiekzioaren ondoren, Ylenia Benito kazetariak gidatuta, tertulia egingo dute, eta bertan izango dira Xabier Amuriza bertsolaria, Euskal Herriko Txapelketa bitan irabazitakoa eta telesailaren lehenengo bikoizketa zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernandez, Bulmaren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, ETBko aurkezle ohia eta Freezerren ahotsa. Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak aurki jarriko dituzte eskuragarri.
Erakusketak, estreinaldiak eta tailerrak
Toriyamari egingo dioten omenaldia bi erakusketek osatuko dute. Dragoi Bolatik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia, Jorge Madejonek komisariatua, Udal Liburutegiko jarduera aretoan (San Jeronimo) ikusi ahal izango da. Bertan, 26 ilustratzaileren lana erakutsiko da, manga egilearen obra berrinterpretatu dutenena. Erakusketa honetarako propio pieza bat sortu duten egileen artean daude Joseba Larratxe, Euskadi Ilustrazio Saria (Ni ez naiz Mikel Laboa); Alba Cardona, La chica invisibleren egilea; Paul Urkijo zinegilea, besteak beste Irati eta Errementari filmaren zuzendaria; eta Borja Crespo, ilustratzailea, kritikaria, zinegilea eta Getxoko Komiki Azokako zuzendari artistikoa.
Bigarren erakusketari dagokionez, Euskadi Fantastikoaren barruan, Liburutegi Nagusiak (Alderdi Ederren) Nacho Fernandez bilbotarrari eskainitako atzera begirakoa hartuko du. Dragon Fallen egilea da bera, Toriyamaren sailaren parodia, egun liburu integraletan berrargitaratzen ari dena.
Erakusketez gain, hiru estreinaldi izango ditu lehen Animedon honek —Donostiako Zinemaldiaren ostean jakinaraziko dute programa— eta Tabakaleran tailer bat ere eskainiko dute, 3D formatuko anime irudiak egiten ikasteko.
Animedonen irudi grafikoa, eta Tokiko bere maskota, Angel Aldarondo zuzendari, editore, animazio egile eta gidoilari ondarroarrak diseinatu eta sortu ditu.