Euskararen aurkako azken epaia salatzeko mobilizatuko dira
EAEko Auzitegi Goreneko epaile batek aste honetan berretsi du Donostian udaltzain guztiei euskara eskakizuna eskatzea “diskriminatzailea” dela, euskaldunen hizkuntz eskubideak urratuz. Horren aurrean, epaia salatzeko, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzera deitu dute ostegunerako, Alderdi Ederren, 19:00etan. Izan ere, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu dute epaia.
Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiak urtarrilean plazaratutako epaia da EAEko Auzitegi Gorenak azken egunotan berretsi duena. Donostiako Udalak helegitea jarri zion epai horri, eta helegite horren erantzuna da gorenaren epaia. Hain zuzen, erabaki hori euskararen ofizialtasunaren “eraso zuzentzat” hartu du Eneko Goia alkateak: “Horrelako epaiek euskararen normaltasunean oso eragin negatiboa dute eta, are gehiago, zalantzan jartzen du benetan hizkuntza ofizial batek zer suposatzen duen hiritarrei dagokionean”.
2022ko eskakizuna
Donostiako Udalak 2022ko abenduaren 20ko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen B2 mailako euskara eskakizuna baldintza gisa jartzea, Udaltzaingoaren agente izateko eskainitako bi plazak eskuratzeko. Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiko epaileak adierazi zuenez, eskakizun horrekin herritar talde bati lehentasuna ematen ari zaio beste batzuen aurrean, eta ez da beharrezkoa: “Ez da beharrezkoa udaltzainek euskara jakitea. Oro har, nahikoa izango litzateke bikote bakoitzeko kide batek euskara jakitea”, adierazi zuen urtarrileko ebazpenean.