Koldo Almandoz 'Zeru ahoak' telesaila grabatzen ari da
Euskarazko telesail berri bat grabatzen ari da Koldo Almandoz zinemagile donostiarra. Zeru ahoak da bere izena, eta Hondar ahoak (2020) telesailaren jarraipena dela aurreratu du Berria egunkariak. Txintxua Films eta Garabi Films dira telesailaren ekoizleak.
Almandoz bera da zuzendaria, eta aktore protagonista Nagore Aranburu da. Josean Bengoetxea, Sara Cozar, Miren Gaztañaga, Unai Bages eta Nerea Sanz dira, besteak beste, azalduko diren beste aktore batzuk.
Zeru ahoak telesailak lau kapitulu izango ditu, bakoitza 35 minutu ingurukoa. Grabaketa duela egun batzuk hasi zuten, eta hilabete bukaerarako amaitzea aurreikusten dute. Estreinaldia, berriz, 2025ean izango da.