Reala galdu egin da
Denboraldi hasiera petrala ari da izaten Realarentzat. Sei partida jokatuta, lau galdu, bat irabazi eta bat berdindu ditu talde txuri-urdinak —jokaturiko 18 puntuetatik soilik 4 batu ditu—. Atzo maila kaskarra eman zuten Mallorcaren kontra, Son Moix zelaian. Ander Barrenetxeak egindako penalti inozo batengatik galdu zuten (1-0).
Reala galdu egin da, eta ez du bere burua aurkitzen. Atzean urduri dabiltza, eta aurrean kamuts. Sei partida soilik jokatu diren arren, kezka da nagusi klubaren inguruan. Denboraldia espero baino okerrago hasi izanak, zalantzak ugaritu ditu zaleen artean. Gaizki ohitu izanaren ordaina.
Denboraldiaurrerik ez zuen izan Realak, eta horren zama nabaritu da jokaturiko neurketetan. Ordea, ligak ez du etenik, eta Europako Liga iristear da.