Hogei urte Realeko emakumezkoen taldeak debuta egin zuenetik
Gaurko egunez, duela hogei urte, 2004ko irailaren 19an, Realeko emakumezkoen taldeak bere ibilbidea abiatu zuen. Añorga, Oiartzun eta Eibartarraken moduko taldeak izan ziren Gipuzkoako emakumezkoen futbolaren aitzindariak, eta herrialdeko emakumezkoen futbola bateratu nahian, Realeko taldea sortu zuten duela hogei urte. Urteurrenaren bueltan, Realak Garbiñe Etxeberria eta Aintzane Encinas elkarrizketatu ditu bideoan, eta zenbait bideo historiko ere argitaratu ditu bere webgunean.
2004ko irailaren 19an jokatu zuten lehenengo partida ofiziala, Martutenen, Amara Berriren aurka; bitxikeria moduan, ibilbidea ez zuten txuri-urdinez jantzita hasi, gorriz baizik, bisitari gisa jokatu zutelako neurketa hori. Erregional mailan hasi zen talde hura, eta honakoa izan zen Amara Berriren aurkako hamaikakoa: Olatz Yereki, Ainhoa Mateos, Evelyn Santos, Nahikari Etxaniz, Anne Mugarza, Ohiana Galdona, Aintzane Encinas, Itxaso Garcia, Laura Gomez, Gurutze del Ama eta Naiara Elgorriaga, Iñigo Dominguez entrenatzailearekin. Realak 0-11 irabazi zuen Laura Gomezen (5), Naiara Elgorriagaren (3), Evelyn Santosen (1), Gurutze del Amaren (1) eta Aintzane Encinasen (1) golekin.
Denboraldi horretan, Espainiako Bigarren Mailara igotzea lortu zuten, eta hurrengoan, 2005-2006ko denboraldian, maila gorenera iritsi ziren. Hain zuzen ere, 2006ko irailaren 10ean heldu zen taldearen hurrengo mugarri handia, lehenengo mailako lehenengo partida jokatu zutenean. Nahikari Etxaniz eta Aintzane Encinasen golekin bina berdindu zuten txuri-urdinek egun hartan, Atletico Madrilen aurka. Lehen garaipena bederatzigarren jardunaldian eskuratu zuten, Zaragozan Transportes Alcaine garaitu zutenean, Itxaso Nabaskuesek azken minutuan sartutako golari esker
Ligako bederatzigarren postuan amaitu zuten denboraldi hori, hurrengo denboraldietan egonkortze prozesu batean murgilduz. Hurrengo mugarria 2009-2010eko denboraldian heldu zen, Espainiako Koparako sailkapena estreinakoz lortu baitzuten orduan.
Profesionalizatzea eta goranzko joera
2012an, aurrerapauso handia eman zuen klubak, emakumezko jokalari guztiak profesionalizatu zituen lehenengo taldea izan baitzen orduan. Handik urte batzuetara, 2018-2019ko denboraldian, beste aurrerapauso bat eman zuen klub donostiarrak, emakumezkoen harrobiko taldea sortu zuenean, Xabier Illarretak zuzendutakoa.
Pixkanaka, harrobia handitzen joan ziren, eta 2019an heldu zen lehenengo titulua, Espainiako Kopa irabazi zutenean, Atletico Madrili finalean irabazita. Klub txuri-urdinak hiru hamarkadatan irabazitako lehenengo titulua izan zen, izan ere, gizonezkoen taldeak 1987an irabazitako kopa zen azkena ordura arte. Mugarri historikoa izan zen, eta, hain zuzen ere, hedabide honek balentria oroitzeko erretilu ederra kaleratu zuen.
Ordutik, garai handiak bizi izan dituzte Realeko neskek urteotan: Txapeldunen Ligako debuta, kopako beste final bat, maila handiko ligak burutu izana, eta abar. Realeko emakumeen historia, hala ere, hasi baino ez da egin, eta une loriatsuenak bizitzeko dituzte oraindik txuri-urdinek.