Komertzioetako erakusleihoetan ere Zinemaldia izango da protagonista
Zinemaldiak Donostia osoan emango du zeresana, baita hiriko komertzioetan ere. Izan ere, zinemaren jaiak irauten duen aste honetan zehar, establezimenduek euren erakusleihoak apainduko dituzte, zinemaren munduan inspiratuta. Ondoren, lehiaketa bat egingo dute, erakusleihorik dotoreenak hautatzeko.
Bestalde, Donostiamarket azoka ere egingo dute, eta establezimenduek euren produktuak kanpoan erakusteko aukera izango dute. “Jarduera hauek tokiko merkatariek kulturarekiko duten konpromisoa indartzen dute, hiriaren dinamizazioari lagunduz, bere ekitaldirik adierazgarrienetako batean”, azaldu dute antolatzaileek.
San Sebastian Shopsek sustatutako jarduerak dira, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren, Donostiako Udalaren, Donostiako Sustapenaren eta Delta Taldearen laguntzarekin, merkatarien eta bisitarien arteko lotura sendotu asmoz.