'Emakume zientzialarien argitan' zikloa bueltan da, hiru saio mamitsurekin
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloa berreskuratuko dute udazken honetan, hiru saiorekin. Urriaren 8an, azaroaren 5ean eta abenduaren 10ean izango dira saioak, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, euskaraz —sarrera doakoa izango da—.
Emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu zikloak, Donostia Kulturak azaldu duenez: “Zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, hainbat arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Laida Arbizu, Olatz Ortega eta Alaitz Etxebide. Elkarrizketatzailea Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea izango da. Horrez gain, ‘bi kulturen’ estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte”.
Urriaren 8an, Laida Arbizu filosofoak hartuko du parte eta negazionismoaren inguruan jardungo du, Filosofia negazionismoen aurrean solasaldian. Azaroaren 5ean, Olatz Ortega biologoaren txanda izango da; herritarren zientziako proiektu batean dabil lanean, eta Herritarren zientziako proiektua, nola egin? solasaldia eskainiko du. Azkenik, Material berriztagarriak, zer diren? izango da urteko azken solasaldia, abenduaren 10ekoa, Alaitz Etxebide ingeniariaren eskutik. Saioen audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Zientzia.eus webgunean entzun ahalko dira.