'Emmanuelle': emakume (aberatsen) desirak eta mamuak
“Desira badator… eta badoa. Eboluzioan dago”. Emmanuellek Hong Kongeko hotel presigiotsuko saunan ezagutu duen ekoizleak bota dio gogoeta. Emmanuellek badaki hori. Hotelaren kalitate azterketa egitera doan arren —kategoriaz jaitsi delako sutan baitaude nagusi “marrazoak”–, bidaia beste zerbaiterako aprobetxatzen du: bere desirari bide emateko.
Audrey Diwan zuzendariak emakumearen begitik heldu nahi dio desiraren eta sexualitatearen gaiari, izen bereko nobelan oinarrituta, gaia eguneratuz. Annie Ernauxek gaztetan izandako abortua eraman zuen pantailara L’événement gordinean. Eta hor ere, emakume gaztea protagonista den abortuaren prozesu lazgarria kontatzen du. Klasea aldatu, eta emakume aberatsa du orain begitan: nahi duena, nahi duenean lortzen duen emakume boteretsua.
Hotela bere zerbitzura du Emmanuellek —badakite hotelaren etorkizuna bere eskutan duela—, eta bere mugimendu bakoitzean sedukzioa du ardatz. Pantailaren beste aldean geundenon artean ere, gutxi izan dira Noemie Merlanten azalarekin liluratu ez direnak. Sedukzioa pertsonifikatzen du elegantziaz, boterez eta jantzi garestiz.
Ordea, noski, bada filmaren hasiera-hasieratik agertzen zaigun “lortu ezinezko” desiraren objektua (L’object petit a, Lacandarrentzat): hoteleko 2071 logelan inoiz lo egiten ez duen Kei Shinohua, gizon enigmatikoa (Will Sharpe). Emmanuellek nahi duen oro lortzen du, Kei izan ezik. Emakumearen desira erdigunean dagoen arren, gizonak aginduko du nondik eta nora joan —harritzekoa—.
Ahizpatasuna eta bizitza burgesa
Diwan saiatzen da emakumeen arteko ahizpatasuna islatzen: Emmanuellek Zelda sexu langilearekin duen harreman zaindua, eta hoteleko zuzendariarekin lortzen duen konplizitatea, esaterako. Baina, azkenean, emakume independente eta indartsuak, modu batera edo bestera, gizonaren arauei egiten die men. Are, Fenwick klub misteriotsura doa Emmanuelle, bere beldurren gainetik jarriz gizonarekiko desira.
Langileen baldintzez ezer gutxi dakigu, ez eta desira bizitzeko manera guztiz burgesak kanpoan uzten duen guztiaz. Hain zuzen, bizitza burgesa salatzen duen ahots bakarra dugu filmean, Emmanuellen ama: “Ez zaitez kexatu. Luxuzko bizitza duzu, disfruta ezazu dena: usaina, koloreak, dena…”.
Plazera eta mamuak
Filmak txalo gutxi jaso ditu, jaialdiaren irekiera izateko, are harrigarriagoa dena. Sedukzioaren tempo lasai eta pausatua ezin hobeto jasotzen du, Merlantek eusten du hori eta askoz gehiago ere, eta zaporeak eta koloreak ukitu daitezke ia une guztietan (Wong Kar Wairen koloreei keinua ikusi daiteke ere). Baina akaso, jira-bira horiek guztiak, aldez aurretik genekien lekura iristeko.
Plazeraren bilaketa masiboak, gorputzen kontsumo frenetikoak, eta bestelako gehiegikeriak “desira agortzen du”. Kei Emmanuelen hurrengo etapan dago: bilatzearen bilatzez ezer lortzen ez duela, hutsik, batetik bestera, “mamu baten bila”.