Euskararen aurkako azken eraso judiziala salatu du euskalgintzak
Udalari "sostengua eta babesa" adierazi diote, epaiaren aurkako helegitea jarri dezan.
Euskararen aurkako azken epaia salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo euskalgintzak Alderdi Ederren, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. “Oldarraldiak ez du etenik”, nabarmendu zuten, baita salatu ere hizkuntza politikan “azken hitza” epaitegiek dutela egun. Besteak beste, LAB eta ELA sindikatuek eta EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek bat egin zuten mobilizazioarekin.
Aste honetan EAEko Auzitegi Gorenak ateratako epaia da atzo salatu zutena. Izan ere, Donostian udaltzain izateko B2 mailako euskara eskakizuna egitea “diskriminatzailea” dela ebatzi du epaitegi horrek, Administrazioekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiak urtarrilean plazaratutako epaia berretsiz. Hain zuzen ere, epaiak dio “nahikoa” dela udaltzain bikote bakoitzeko kide batek euskara jakitea. Donostiako Udalak helegitea jarri zion urtarrileko epai horri, eta horren erantzuna da Gorenaren epaia.
Goiko argazkian ikusten den moduan, asko dira dagoeneko euskararen aurka atera diren epaiak, eta, horregatik, epaiekin “doktrina bat eratzen” ari direla salatu zuten elkarretaratzean: “Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina. Gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna”. “Udaltzain bakar batek euskaraz ez jakiteak arriskuan jar ditzake zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea. Enplegu publikoaren helburua da zerbitzu publiko egokia ematea, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea”, gaineratu zuten.
Horrela, euskarari “dagokion zentralitatea” eman behar zaiola aldarrikatu zuen euskalgintzak, baita udalari “sostengua eta babesa” eskaini ere epai “injustu” horren aurkako helegitea aurkeztu dezan. Hain zuzen ere, euskararen ofizialtasunaren kontrako “eraso zuzentzat” hartu zuen epaia Eneko Goia alkateak asteartean. Horrela euskalgintzak udalari eskatu dio “azken bururaino” eramateko euskararen normalizazioaren aldeko prozesua.