Kiroldegiak doan erabili ahalko dira datorren astean
Kirolaren Europako Astea dela eta, irailaren 23tik 27ra, Donostia Kirolak kiroldegietako ateak irekiko dizkie kiroldegiak ezagutu eta erabili nahi dituzten guztiei. Horretarako, interesatuek harrera postura joan eta doako sarrera eskatu beharko dute. Sarrera hauek Paco Yoldi, Gasca, Belodromoa, Egia, Altza, Intxaurrondo, Bentaberri, Etxadi eta Bidebietako kiroldegietan balidatuko dira, gimnasioak eta igerilekuak erabili ahal izateko.
Gainera, irailaren 28an, larunbatean, udal kiroldegietan doako kirol jardueren eskaintza egongo da, eta edukiera dela eta, Kirol Txartelean abonatutako pertsonentzat gordeko dira. Guztira, 360 plaza izango dira doan Cross Training, Circuit Training, TRX, indoor zikloa, pilates, body, zumba, yoga, GAP edo stretching jardueretan.
Doako saio horietarako izen-ematea online egin ahal izango da Donostiakirola.eus webgunearen bidez edo aurrez aurre kiroldegietan, irailaren 23ko 09:00etatik aurrera.
‘Kirol Ekintzak’ kanpainaren hasiera
Kirolaren Europako Astea Kirol Ekintzak kanpainaren denboraldi berriko ikastaroen hasierarekin bat dator. Ikastaro horiek irailaren 23an hasiko dira eta 2025eko ekainaren 14ra arte iraungo dute. Oraingoz, 6.000 pertsona baino gehiago hasiko dira ikastaroekin egun honetan, nahiz eta izen-ematea zabalik egon kanpaina osoan zehar eta plaza libreak geratzen diren bitartean. “Aurreikuspenen arabera, 10.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute kanpainaren bukaeran”, azaldu du Donostiako Udalak.