Onkologikoa urtea amaitu baino lehen integratuko dute guztiz Osakidetzan
Sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Onkologikoaren integrazioaz gain, iragarri du Donostiako Larrialdietako anbulantzia medikalizatua kudeaketa publikoan sartuko dutela.
Alberto Martinez Osasun sailburuak agerraldia egin du ostiral goizean Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, bere sailak legealdi honetarako ezarri dituen erronka eta helburu nagusiak azaltzeko. Horrela, sailburuak nabarmendu du helburu nagusia “ekintza plan bat” diseinatzea dela, “Lehen Mailako Arretan arreta eta irisgarritasuna hobetzeko, familia medikuak artatzeko itxarote denbora murrizteko, kirurgiako itxaron zerrendak murrizteko eta proba diagnostikoetarako, kanpo kontsultetarako eta espezialistengana bideratzeko atzerapen denborak murrizteko”.
Hain zuzen ere, sailburuak nabarmendu du ez dela “itxaron zerrendarik egon behar Lehen Mailako Arretan”. Bestalde, adierazi du betetzeko zailak diren postuetarako lan eskaintza publiko (LEP) berezi bat egingo dutela, baita orain arte ebatzi gabeko LEPak urtea bukatu baino lehen itxiko dituztela. Horrela, 11.000 postu egonkortzeko asmoa agertu du sailburuak.
Onkologikoa eta beste
Donostiako osasun zerbitzuei dagokienez, zenbait neurriren berri eman du Martinezek. Alde batetik, aspaldiko kontu bat urtea amaitu baino lehen itxiko dutela iragarri du: Onkologikoaren integrazioa Osakidetzan. Urteotan, zenbait pauso eman dituzte zentzu horretan —ez beti profesionalen eta pazienteen oniritziarekin—, eta prozesua guztiz ixteko asmoa dauka orain Eusko Jaurlaritzak.
Bestetik, Larrialdi zerbitzuetako Donostiako, Elgoibarko eta Tolosako anbulantzia medikalizatuak sistema publikoaren kudeaketapean egongo direla iragarri du sailburuak. Egun, azpikontratatuta dago anbulantzia horien kudeaketa, baina kontratua amaitzen denean, 2026an, sistema publikora itzuliko da kudeaketa, Martinezen arabera.
Bestalde, zehaztasun handirik gabe, baina sailburuak esan du Lehen Mailako Arretako hainbat zentro modernizatu zein zentro berriak eraiki egingo dituztela hainbat udalerritan, tartean Donostian. Era berean, gogorarazi du Donostia Ospitalea handiko dutela.
Azkenik, iragarri du osasun arloko itunaren inguruko bigarren bilera atzeratu egin dutela eta azaroaren 9an egingo dutela, Donostian. Ondo bidean, osasun sistemaren diagnostiko partekatu batekin atera beharko lirateke bilera horretatik.