Serafinak, jairik gabeko Altzako auzuneak biziberritzeko
Donostiako auzo eta herrietan jai gutxi bazeuden, beste bat batu da aurtengo jaien egutegira: Altzako Arriaga Serafinak jaiak. Arriagako zonako zazpi auzuneak hartuko dituzte jaiek, inguru guztiari bizipoza emateko helburuarekin.
Ez dira gutxi gaur egun euren jai propioak dituzten Altzako auzuneak: Larratxokoak, Herrerakoak, Buenavistakoak eta Oletakoak ospatzen dituzte ekainean, sanmartzialak uztailaren hasieran eta Jolastokietakoak ospatu berri dituzte orain. Ordea, auzo handia da Altza, eta badaude azken urteotan jai propiorik izan ez duten zenbait auzune; hain zuzen ere, horri buelta emateko antolatu dituzte aurten Arriagako zonan Serafinak. Jai batzordeko kide Roberto Arinek azaldu duenez, zazpi auzune hauek hartuko dituzte jaiek: Erroteta, Arrizar, Arriberri, Santa Barbara, Elizasu, Los Boscos eta Darieta. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Duela urtebete inguru hasi ziren jaiak antolatzeko ideia lantzen, Arinek dioenez: «Errotetako Gurea elkartekoak hasi ziren Errotetan jaiak antolatzeko ideiari bueltak ematen, eta ni Boskotarrak elkarteko presidentea nintzenez, laguntza eskatu zidaten. Hala ere, nik esan nien aproposagoa ikusten nuela jaiak zona osora zabaltzea, zeren lehen bazeuden jaiak auzune bakoitzean, baina 1987tik ez geneukan ezer. Horrela, hamabost bat lagun hasi ginen biltzen, nahiz eta, azkenean, zortziren artean antolatu ditugun jaiak».
Dirua biltzeko, auzoko komertzio eta taberna ugariren babesa jasotzen hasi zirela nabarmendu du Arinek, baita auzotarrena ere, urtean zehar antolatu dituzten jardueretan —herri bazkariak, txosna inauterietako Eltze Festan, eta abar—: «Jendeak jaietarako gogoa duela ikusi genuen, eta horri esker jarraitu dugu aurrera».
Zergatik Serafinak?
Jai askok santuren baten izena daramate, eta tradizio horri buelta bat emateko asmoz jarri diete jaiei aipaturiko izena. Hala azaldu du jai batzordekoak: «Gure elkarteko kide maitatu bat Serafin da, eta bere omenez izen hori jartzea pentsatu genuen, baina berari lotsa ematen zion. Ordea, beste kide bat etorri zen kontatzen Serafinak aingeru mota batzuk direla, eta horren harira erabaki genuen izen hori jartzea, besterik gabe».
Horrela, Harria parkean jarriko dute jai gune nagusia, eta haur, gazte, heldu zein zaharrentzako jarduera andana antolatu dituzte hurrengo ostegunetik igandera. Lehenengo urtea izanik, apur bat urduri agertu da Arin, baina argi dauka ondo pasatuko dutela eta auzoak eskertuko duela: «Jende jatorra dago auzo honetan, eta guztiak jaiez disfrutatzera animatu nahi ditugu; esan gabe doa ez dugula inolako erasorik onartuko. Jaiak ondo ateratzen badira, urtero antolatzen hasiko gara eta eskatuko dugu belaunaldi berriak ere inplikatzea antolaketan, auzoa biziberritzeko».
Aingeruak ala deabruak, auzoa egiteko lanean ari dira Arin eta beste Serafinak, hori baita komunitatea sendotzeko bidea; ugaritu daitezela, bada, Serafinak Altzan eta hiri osoan!