Santa Teresa kongregazio erlijiosoaren Donostiako zentro bateko langileen soldatak %10 igotzea lortu dute
Los Camilos fundazioak Santa Teresa kongregazio erlijiosoaren zentro bat kudeatzen du Donostian, eta zentro horretako langileek %10etik gorako soldata igoera lortu dute, ELA sindikatuarekin batera egindako lanari esker.
ELAk azaldu duenez, bederatzi dira zentroko langileak, horietatik zortzi arrazializatuak, eta behargin erlijiosoak zaintzen dituzte. Sindikatuaren arabera, fundazioak zahar egoitzen estatuko hitzarmena aplikatzen zuen, urtean 1.784 orduko lanaldiarekin. “Akordioa sinatu ondoren, urteko 1.592 orduko lanaldia izango dute, eta, beraz, langileen lanaldi portzentajea berehala handituko da. Langile horiek guztiek lanaldi partzialak zituzten, eta orain erdia baino gehiagok lanaldi osoekin jardungo dute”, nabarmendu du ELAk.
Soldata igoeraz gain, beste hainbat eskubide ere lortu dituzte langileek, hala nola, eszedentzietan lanpostua gordetzea, medikuarengana joateko ordaindutako orduak eta kaleratzeak saihesten dituen klausula bat.