Cate Blanchettek jaso du aurtengo lehen Donostia Saria
Cate Blanchett aktore eta ekoizle australiarrak Zinemaldiaren 72. edizioko lehen Donostia Saria jaso du larunbat honetan, Kursaalen. “Ohoretzat” jo zuen jaialdiaren ohorezko sari gorena jasotzea, eta “jakin-minaren” defentsa sutsua egin zuen.
Alfonso Cuaron zinemagile mexikarrak eman zion estatuatxoa aktoreari, eta haren zorroztasuna eta birtuosismoa goraipatu zituen. George Clooney aktoreak, berriz, bideo baten bidez zoriondu zuen aktorea.
Blanchetten hitzak
Donostia Saria jasotzea “ohore” bat dela esan zuen Blanchettek: “Atzerrian lan egiten duen emakume australiar gisa, hamaika muga zeharkatu eta mundu osoan zehar bidaiatzeko pribilegio izugarria izan dut. Eta ohore bat da Euskal Herrian sari hau jasotzea, kultura eta zinema mugak ere gainditzen dituen zinema jaialdi zoragarri eta zirraragarri honetan”, esan zuen australiarrak.
Cuaronen presentzia eskertu ostean, leku askotara eraman duen bere ibilbidea “eklektikoa eta bitxia” izan dela esan zuen. Bere ibilbidearen hari nagusia “jakin-mina” eta “gizakia izateak zer esan nahi duen argitzea” izan dela azaldu zuen: “Sormenari emandako gurea bezalako bizitzak zalantzak eta ziurgabetasunak izatea dakar. Apalak izan behar dugu eta esan: ‘Ez dakit eta hemen nago ikasteko'”.
Ildo horretan, Clarice Lispector idazle brasildarra aipatu zuen, zeinak defendatzen zuen ezjakiteak hainbat abantaila dituela, eta adimena lurralde birjin eta libre bihurtzen duela. “Eta horrela, ezagutzen ez dudan guztia nire egiten hasten naiz, eta ezjakite horretan, dena ulertzen joaten naiz”, adierazi zuen. “Bidaia honek aurrera egingo du, itxaropena daukat. Honelako ziurtasun uharte txikiak baino ez daude, eta eskerrak eman nahi dizkiot Donostiari horregatik”, esan zuen amaitzeko.
George Clooneyren zorion mezua
Bere zorion bideoan, George Clooneyk Blanchett goraipatu zuen, antzezpena arte mailara eramaten duten aktoreen “ondare esklusiboaren” parte gisa, eta horien artean aipatu zituen Marlon Brando, Katharine Hepburn, Montgomery Clift, Jack Nicholson eta Donostia Saria ere baduten Meryl Streep eta Robert De Niro. “Zorte ezin handiagoa izan dut zu zuzendu izanagatik eta zurekin antzeztu izanagatik. Eta zuk gaitasuna duzu ingurukoak zorioneko sentiarazteko hain talentu handiko norbaitekin lan egiteagatik. Oso adeitsua zara gainera, eta harro nago zure laguna izateagatik”, esan zuen Clooneyk.
“Zirrara handia sentiarazten dit zuk Donostia Saria jasotzea Donostia Zinemaldian. Hor egon nahi nuke, benetan, baina ezin dut, oraintxe Venezian nagoelako, eta edaten ari naiz. Gainera, ez dut galtzarik gainean. Baina galtzak izango banitu eta ez banengo Venezian edaten, orduan hor izango nintzen eman dizuten golardoa kopa batekin ospatzeko. Zorionak”, amaitu zuen, umorez.
200 aintzatespen eta sari baino gehiago
Blanchett Zinemaldiaren 72. edizioko kartel ofizialaren irudiaren protagonista da, eta 200 aintzatespen eta sari baino gehiago jaso ditu egile-filmak eta ikus-entzule guztiengana iritsi nahi duen zinema uztartzen dituen ibilbide luze batean. Tartean, hauek: bi Oscar sari (eta beste sei izendapen), Veneziako zinema-jaialdiko bi Volpi Kopa, lau BAFTA sari eta lau Urrezko Globo, Ohorezko Cesar saria eta nazioarteko Goya saria.
Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alfonso Cuaron, Alejandro G. Iñarritu, Woody Allen, Gillian Armstrong, Taika Waititi, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Jim Jarmusch, Guillermo del Toro, Adam McKay eta Todd Field zinemagileekin lan egin du, besteak beste.
Galaren amaieran, Rumours filma proiektatu zuten, Blanchett aktore lanetan aritu den azken lanetako bat, Guy Maddinek, Galen Johnsonek eta Evan Johnsonek zuzendua.