Gipuzkoako txirrindularitzak manifestaziora deitu du urriaren 13rako
Antonio Elorza belodromotik abiatuko dira 11:00etan, eta Donostiako Udaletxearen aurrean bukatuko dute martxa.
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman zuen uztailean; izan ere, adierazi dutenez, Gipuzkoako trafiko arduradunek jartzen dizkieten oztopoekin ezinezkoa dute lan egitea. Orain, egoera aldatzen ez dela ikusita, manifestaziora deitu dute Donostian, urriaren 13an. Antonio Elorza belodromotik abiatuko dira 11:00etan, eta Donostiako Udaletxearen aurrean bukatuko dute.
“Etorkizunean txirrindularitza Gipuzkoan ikusten jarraitu nahi badugu denok borrokatu behar dugu eta lortzen dena denentzako mesede izango da”, adierazi du Santi Osoro zuzendari ohiak, deialdia zabaltzeko bideoan.
Arazoak ez dira berriak federazioko arduradunen eta lasterketen antolatzaileen arabera: iaz denboraldi hasiera atzeratu egin behar izan zuten lasterketetako segurtasuna bermatzen duten lotura motorren egoera zela eta, errepide batzuk itxita dituzte lasterketak egiteko eta txirrindulariak pelotoia baino atzerago geratu bezain laster uzten dituzte txapelketatik kanpo.
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren zuzendaritzak mahai bat eratzeko eskatu zuen iaz Eusko Legebiltzarrean, baina, diotenez, ez ditu esperotako fruituak eman. Izan ere, azken hilabeteotan zikloturismoko probari “oztopoak” jarri dizkiotela salatu dute; hau da, lehenaren eta azkenaren artean hamabost minutuko aldea baldin bazegoen, azken hura txapelketatik kanpo gelditzen zen.