'La llegada del hijo': kartzelaren ostean hasten da kondena
Argentinatik dator drama ilun eta korapilatsu hau. Ideia bakarraren bueltan doa filma, eta aletzen doan arren, hasieratik amaierara ez da galdera berririk: zergatik hil du Alanek bere igeriketako irakaslea, autoz harrapatuta? Nahita edo nahigabe izan da?
16 urte eskas ditu Alanek eta jenio bizia duen arren, ez du, itxuraz, horrelakorik egiteko arrazoirik. Amarekin duen harremanean badago zerbait guztiz ulertzen ez duguna. Limiteekin da arazoa? Amak amonarekin duen harremana? Gehiegizko babesa?
Kontua da amak susmoa duela hilketa hori ez dela nahigabe izan. Eta amaren susmoak beti dira susmoa baino gehiago. Amak badaki Alanek Angeles nahita hil duela, berari min egiteko. Eta Alanek badaki badakiela. Orduan, zergatik babesten du, zergatik jarraitzen du espetxera bisitatzen, zergatik egiten du jakingo ez balu bezala?
Semeak berea dakar ere. Eta lau urteko kartzelaldia ez da debalde. Nartzisismoa hazi egiten zaio, eta amarekiko erra handitu. Hasieran ama babesteko aitzakia badu ere, orain, ama ez du onartzen subjektu gisa. Eta klaro, horrela ezin dan ezer eraiki. Egoera tenkatu egiten da, noski, zeharo apurtzen den arte.
Hor dago filmaren urrea. Kontraesan erraldoi-erraldoian nabigatzen ari da Sofia, doluaren eta semearen maitasunaren artean. Eta bera non dagoen argi eduki gabe.
Zuzendaritza geniala, argazkia bikaina une askotan (kanposantuan, batez ere), gidoia mundiala eta aktoreak ezin hobe. Eta hala ere, La llegada del hijo-ri zerbait falta zaiola sentitzen dut. Akaso ni naiz, eguneko laugarren filma ikusteagatik. Baina akaso, familia harremanak eta giza harremanak ulertzeko korapilo gehiago askatu zitzakeen pelikulak. Eta tripan utzi digun hau, zer esanik ez.