Presentzien eta absentzien artean murgilduta
Irudi baten presentziak eta horren absentziak pisu bera al duten galdetzen du Pello Gutierrez zuzendariak Erreplika dokumentalean. Erantzuna baiezkoa dela ere, argi uzten du donostiarrak. Aita zinemagilea zuen, eta hark grabatutako pelikula bat oinarri hartuta ematen dio hasiera dokumentalari. Aitaren heriotzaz mintzo da, off-eko ahotsaren protagonista bera izanik, eta horrela, istorioa publikoari gertuago sentiaraziz.
Hernaniko Zikuñagako Amaren desagerpenak erlazio estua du zuzendariaren familiarekin, eta desagerpena duela urte asko pasatu bazen ere, historia hari argia ematen saiatzen da Gutierrez. Ikerketa lan handi bat du atzean Erreplika-k, eta horren adierazle dira bertan agertzen diren elkarrizketatuak, hainbat profil eta kargutakoak. Desagertuta dago Zikuñagako Ama Hernaniko paper fabrikak bere eremua handitzea erabaki zuenetik, eta ondorioz, Ama Birjinaren etxea zen ermita eraitsi zutenetik. Bada, misterio hori heriotzaren misterioarekin lotzen du Gutierrezek, eta IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan Gutierrezek espirituala ez dela esaten badu ere, ukitu hori ematen dio dokumentalari.
Ordea, bukaeran argi dio: “Hilerrietan oroitzen ditugu gure hildakoak, baina beraiek ez daude hor, joan zirelako”. Heriotza modu naturalean jorratzen du dokumentalak, eta beharrezkoa dugu hori, izan ere, gaur egungo gizartean oraindik tabu izaten jarraitzen duen gaia da. Proposamen desberdina da Gutierrezena, baina erakargarria. Gai sakonak modu eramangarrian eta oso modu bisualean lantzen ditu, lehen plano ugari sartuz eta ikuslearen arreta bereganatuz. Dokumentalak, amaitzen denean, zer pentsatua ematen du, eta horrek Gutierrezen lanak zinema aretoak hartzen duen espazioa baino gehiago okupatzea dakar.