Bertso musikatuen txanda iritsi da
Altzako XXIV. Bertso Aroaren barruan, bertso musikatuen saioa egingo dute urriaren 4an, Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan. Aurtengo bertso aroaren azken aurreko emanaldia izango da.
Josune Aramendi, Agin Laburu, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto bertsolariak ariko dira kantuan. Gai jartzailea, aldiz, Amaia Agirre izango da. Bertso musikatuak izango direnez, bertsolariei laguntzen Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariak arituko dira.
Altzania kultur elkartea, Bizarrain euskara elkartea eta Altzako Bertsozaleak taldea dira Altzako Bertso Aroaren antolatzaileak.