Ezkurra tabernak etapa bat itxi eta beste bat ireki du
Groseko Ezkurra taberna ezagunak urtarrilean iragarri zuen lekualdatu egingo zela, “trantsizio polita eta lasaia” eginez; bada, unea iritsi da. Hain zuzen ere, igandean (hilak 22) Mirakruz kaleko lokal mitikoaren agur festa egin zuten eta laster irekiko dute Ezkurra berria, handik oso gertu, Gloria kalean, Txofre Berri taberna zegoen lokalean, Kiskurra tabernaren ondoan. Lokal berria atontzen ari dira egunotan, eta dena prest izan bezain laster irekiko dute, egun edo aste gutxiren buruan.
Hala iragarri zuen agur festa Ezkurra tabernak, bere sare sozialetan: “Bihar, igandea, hilak 22, gure azken lan eguna izango da lokal honetan. Ondoren, Gloria kaleko 7. zenbakian izango gaituzue gure produktu eta irribarrearekin. Ehun metrora izango gaituzue. Mila esker bihotzez denoi bidelagun izateagatik urte eder hauetan”. Jende andana bertaratu zen festara, eta ohiko edari eta janariaz gain, Revolutionary Brothersen zuzeneko musika izan zuten, bestea beste.
Esentzia mantenduko dute
Lokala berria izango bada ere, Ezkurraren iruditeria eta eskaintza gastronomiko ezaguna mantenduko dute, izan ere, etxeko janaria egiteagatik da ezaguna Ezkurra, bereziki bere entsaladilla errusiarrarengatik eta bere patata tortillarengatik.
Ibilbide luzeko taberna
Joseba Baldak darama Ezkurra taberna 2002tik, bere anaia Aitorrekin tabernaren ardura hartu zuenetik —2007an, Aitorrek taberna utzi zuen, Malagara joan zelako bizitzera—. Aurretik ere Balda familiarena zen Ezkurra, 1960an Josebaren eta Aitorren aita Jose Marik eta haren anaiek, Enriquek eta Alejandrok, Betelu herria (Nafarroa) utzi eta Donostiara etorri zirenetik.
Egungo lokalean Eguren izeneko taberna bat egon zen 1930etik 36ko gerrara arte, izen bereko arduradun batekin. Eguren haren koinatu Elias Ezkurraren eskuetara pasatu zen lokala gerraren bueltan, eta hark jarri zion Ezkurra izena tabernari. Aipatu moduan, 1960an hartu zuten tabernaren ardura Balda sendiak, izena mantenduz.