Zinemaldiak babesa adierazi dio Argentinako zinema industriari
Zinemaldiak, Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren parte hartzearekin, zinema argentinarra babesteko ekitaldi bat egin du, bertako zinema eta kultura industria desegiteko saiakeraren aurrean. Film argentinarren taldeek eta Latinoamerikako gainerako herrialdeetakoek elkarretaratzea egin dute Kursaaleko eskaileretan. Haiekin batera egon dira Zinemaldiaren programatzaile eta epaimahaikideak, elkartasuna adierazteko zinema argentinar independenteak bizi duen ohiz kanpoko egoerari. Izan ere, geldiarazita daude proiektuak.
Zinemaldiaren 72. edizioak Argentinan erabat edo zati batean ekoitzi diren hamasei film programatu ditu Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi – Tabakalera eta Haurrentzako Zinema sailetan. Gainera, Zinemaldiaren Industria atalean, sei proiektu argentinar aukeratu dira Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, bi work in progress WIP Latamen eta ekoiztetxe argentinar baten parte hartzea duen proiektu bat Ikusmira Berriak sailean.
Estatuko ekoizpenak Argentinara
Zinema espainiarraren eta Rio de la Platako (Latinoamerika) zinemaren arteko trukearen testuinguruan, ekimen berri bat aurkeztu da. Azaroa eta abendua artean egingo da Buenos Airesen eta Montevideon, eta Zinemaldiak eta Malagako zinema jaialdiak Espainian ekoitzitako sei film programatuko dituzte Buenos Airesen azaroaren 27tik abenduaren 1era. Emanaldiak Uruguain errepikatuko dira, egun horietan Ventana Sur (Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu garrantzitsuena) egingo delako.
Zinemaldiko zuzendaritzaren elkartasun mezua
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek elkartasuna adierazi dio Argentinako zinema industriari, Zinemaldiko zuzendaritza taldearen izenean. “Industria ezohiko egoera bizitzen ari da: proiektu asko geldiarazita daude, Argentinako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalaren (INCAA) edukiak husten ari dira eta, Argentinako gobernua hartzen ari den neurriak direla eta, arriskuan daude bertako zinematografiaren garapena ez ezik, baita bestelako kultura adierazpenena ere”, salatu du Rebordinosek.
Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak argi utzi du babes horrek “ez dakarrela Argentinako politikan sartzea inondik ere”: “INCAAk askotariko kolore politikoak izan ditu, gobernu kontserbadoreena, liberalena eta peronista motakoena izan baita; urte horietan guztietan ere elkarlanean aritu gara harekin. Horiekin guztiekin eta argentinarrei definitzea dagokien bere ezaugarri propioekin, industria argentinarrak normaltasunez garatzea eta Latinoamerikako garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Gainera, herrialdearen irudi positiboa erakutsi du, eta haren eragile ekonomikoa izan da”.
Zinemaldiaren babesa berresten itxi du elkartasun mezua Rebordinosek: “Argentinako gobernua, milaka herritar hil zituen diktadura militar bat justifikatzen duena, zinematografia nazionala desegiten ari da eta, gaur, Donostia Zinemaldiak, kultura adierazpena denez gero, ezin dio egoerari bizkarra eman”.