'Farha', edo genozidioa ez zela atzo hasi
Donostiako 11+5. Zinemaldi Alternatiboak Palestinako herria pairatzen ari den genozidioan jarri du fokua aurten, ezin zitekeen beste modu batera izan. Ildo horretatik, Darin J. Sallam zinemagile jordaniarraren Farha filma (2021), bere opera prima, proiektatu zuten asteartean Groseko Marruma elkartean; ikusmina sortu zuen proiekzioak, goraino bete baitzen elkartea. Film gogorra, istorio fikzionatu bat bada ere, Radiyyeh izeneko haur palestinarraren benetako istorioan oinarrituta dagoelako eta egunero Palestinan gertatzen ari diren gauzak erakusten dituelako. Eguneroko errealitatea delako.
1948an girotuta dago filma, Nakbaren urtean. Arabieraz, hondamendia esan nahi du nakba hitzak, eta izen horrekin ezaguna da palestinarren 1948ko exodoa: tropa israeldarrek aurrera egin zuten orduan, eta kalkulatzen da 700.000 bat palestinarrek euren herria utzi behar izan zutela. Ordutik, Israelgo Estatu sionistak etenik gabe jazarri du Palestinako herria.
Horrela, filmean, Karam Taher aktoreak gorpuzten du Radiyyehn oinarritutako Farha pertsonaia, baita bikain gorpuztu ere; haurrak pairatutako eta palestinar herri osoak pairatzen jarraitzen duen jazarpen basatia ikusleari transmitituz. Palestinako herri bateko Abu Farha alkatearen (Ashraf Barhom) alaba da Farha, eta amets bakarra du: hurrengo ikasturtean hirira joatea, eskolan ikasketak egin ahal izateko.
Aita ez dago alaba eskolan apuntatzeko guztiz konbentzituta, baina Farhak behin eta berriro eskatzen dio, aske izateko bide gisa ikusten duelako hezkuntza. Bitartean, aita beste gizon hainbatekin hitz egiten entzuten du, eta zerbait gertatzen ari dela sumatzen du. Aitak eskolan apuntatu du alaba, une batez dena da zoriontasuna, baina orduan Nakba hasten da: sionistek Palestinaren okupazio bidegabeari ekin diote. Genozidioari ekin diote.
Farha babesteko helburuarekin, aitak etxe azpiko janari biltegian sartu du alaba, frontera joateko; itzuliko dela hitz eman dio. Hortik aurrera, gela txiki horretan garatzen da filma, Farharen eta palestinar herriaren angustia pantailaren beste aldera transmitituz. Aitaren zain, besteak beste, Farhak zirrikitu batetik ikusi du sionistek familia errugabe oso bat exekutatu dutela etxearen atarian, eta haur jaioberri bat lurrean botata utzi dutela, denborak hil dezan; haurra hiltzen entzun du Farhak, ezer egin ezinik, inpotentziaz
“Emakumeak eta haurrak dira, ez dira borrokalariak!”, oihukatu die sionistei hara eraman dituen preso palestinarrak, Israelgo Estatuari noizbait hori inportatu izan balitzaio bezala, Palestinaren eta Israelen artekoa noizbait gerra bat izan balitz bezala, eta genozidio bat.
Ez da spoiler bat, Israelgo Estatua ezagutzen duenak argi baitauka hori izango dela filmeko familia horri zer gertatuko zaion, hori ez baita fikzioa, egunero gertatzen ari baita Gazan; eta ez soilik iazko urritik.
Filma nola bukatzen den ez dut kontatuko, hori bai izango litzatekeelako spoiler bat, baina jakina da Radiyyehk bere istorioa kontatu ahal izan zuela bizitza errealean, Palestinako herriak bizi duena eta bizitzen jarraitzen duena gogoratu dadin. Gogoratu dadin Israelgo Estatuaren helburu bakarra dela Palestinako herriarekin bukatzea, genozidio bat dela eta ez gerra edo gatazka bat, filmean ikusten dena egunero gertatzen ari dela, sionismoa babesteak edo haren konplize izateak ez duela justifikaziorik eta Farharen istorioa ez dela bakarra, milaka eta milaka Farha daudela. Eta, batez ere, Palestinarekin egotea dela historiaren alde onean egotea.