Hainbat sari utzi ditu Euskal Zinemaren Galak
Elena Irureta aktoreak jaso zuen bart 72. Zinemaldiko Zinemira saria, Euskal Zinemaren Galan. Hori ez zen izan gauak utzi zuen sari bakarra, ordea, beste hainbat ere eman baitzituzten.
Edurne Azkaratek (Oion, Araba, 1993) Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen Bultzada saria jaso zuen, Paul Urkijoren Irati filmean egindako lanagatik. “Sari hau publikoarena da, beti izan da publikoarena. Baina sari honen zati ekipoarena da, zuek izan zinetelako nire eskola”, adierazi zuen Azkaratek. Horrez gain, euskararen eta euskarazko filmen aldeko aldarrikapena egin zuen: “Gehiegitan herri txiki izendatu dugun honek pasa du txiki izatearen garaia. Asko dugu eskaintzeko eta gure buruak serioki hartzea merezi dugu. Euskal zinea deritzon horri euskara falta zaio, eta euskal kulturak filmak ditu faltan”. Era berean, Irati filmak euskal film arrakastatsuenaren saria jaso zuen, Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen eskutik.
Era berean, Victor Ericek eta Michel Gaztanbidek gidoi onenaren saria jaso zuten, Gidoi Euskal Gidoilarien Elkartearena eta SGAEren eskutik. Gaztanbidek jaso zuen saria, eta azaldu zuenez, Ericek ezin izan zuen bertan egon, Portugalen zegoelako. “Victorrek eskatu dit zuek agurtzeko eta eskerrak emateko. Badakit hunkitu egiten duela bereziki Viktoria Eugenia Antzokian sari hau jasotzeak. Hemen eta Kursaalen bere lehen pelikulak ikusi zituen, eta horrela kutsatu zen zinemaren patologia zoragarriaz”, nabarmendu zuen.
Gaztanbideri dagokionez, bera ere pozik agertu zen sariarekin: “Bi aldiz saritua sentitzen naiz; errekonozimendu honegatik, eta batez ere, pelikula honen parte izateko jaso nuen gonbidapenagatik. Zinemarik onena egiatik, askatasunetik eta kontseziorik gabe egiten dena izango da beti. Eskerrik asko”.
Azkenik, EITBren Egile Berriak saria Victor Iriartek jaso zuen. “Ilusio handia egiten digu gure telebista publikoak gure zinea, era askotarikoa dena, bultzatu eta babesteak. Eta, era berean, ilusio handia egiten digu gure telebista publikoak Euskadin, Madrilen eta Portugalen grabaturiko filma bat, Frantzia eta Portugalekin elkarrekin ekoiztutako filma bat, bultzatu eta babestea. Ohore bat da niretzat sari hau Esti Urresolaren ondoren jasotzea, eta bat nator berak duela urtebete esan zuenarekin: ‘Guk bizi dugun eta gurea den ekosistema hau zaindu behar dugu'”, nabarmendu zuen Iriartek.