«Saririk handiena lanean jarraitzea da»
Elena Irureta da aurtengo Zinemira sariaren irabazlea. Aktore zumaiarrak eskerrak eman zituen bere ibilibide profesionalari halako "keinu polit bat" egiteagatik.
Euskal zinemaren izarrek dir-dir egin dute bart Viktoria Eugenia antzokian, Zinemaldiaren baitan ospatutako Euskal Zinemaren Galan. Askorariko sariak banatu ziren arren, ekitaldiak Elena Irureta aktorea izan zuen protagonista, Zinemira saria jaso baitzuen bere ibilbide profesionalaren aitortza gisa: “Zer esango dut? Ohorea dela sari jaso jasotzea eta ilusio handia egiten didala. Nik ez dut inoiz saririk espero, saririk handiena lanean jarraitzea delako”, adierazi zuen Iruretak oholtzara igotzean.
Estibaliz Urresola zuzendari arabarrak iragarri zuen Zinemira saria, Iruretaren ibilbidea laburbiltzen duen bideo sortari bide eman aurretik. Besteak beste, La monja Alferez, Ke arteko egunak, La ardilla roja, Aupa Etxebeste eta 8 apellidos marroquis filmetan egindako lana gogora ekarri nahi izan zuen euskal zinemagintzak.
Saria, baina, Telmo Irureta ilobaren eskuetatik jaso zuen: “Gezurra esan dit. Nik banekien sari bat banatu behar zuela, baina esan dit ‘ez da zurea. Ze pena'”, aitortu zuen Elena Iruretak. Ilobak, halaber, hitz batzuk eskaini nahi izan zizkion: “Esango dut zarela aktore zoragarria, pertsona bikaina eta izeba bikaina baino, bikainagoa”.
Zinemira Saria Zinemaldiak, EPE eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun nabarmenaren ibilbideari ematen dioten ohorezko saria da. Euskal zinemagile hauek jaso dute 2009an sortu zutenetik: Imanol Uribe, Alex Angulo, Elias Kerejeta, Michel Gaztambide, Juanba Berasategi, Pedro Olea, Karmele Soler, Ramon Barea, Julia Juaniz, Ramon Agirre, Jose Maria Lara “Txepe”, Sara Bilbatua, Kimuak eta Pako Etxeberria.