Txiki eta Otaegi gogoratuko dituzte ostiralean
Ostiralean 49 urte beteko dira frankismoak FRAPeko hiru kiderekin batera Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi fusilatu zituela. Data gogoan hartuta, Sortuk omenaldia egingo die Sarriegi plazan, iluntzeko zortzietan. 21 eta 33 urte zituztela erail zituzten, eta frankismoaren azken biktimak izan ziren. Hala, heriotza horiek gogoratu eta haien oroimena aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Irrintzi bat dabil leloa duen ekitaldiaren baitan.
Ekitaldi horrek, hain zuzen, aldaketak eragin ditu Zinemaldi Alternatiboaren ostiraleko egitarauan. Sareetan zabaldutako mezuetan adierazi dutenez, ordu erdi atzeratuko dute Antiguako Txantxarreka gaztetxeko proiekzioa. Hala, azkenean, 20:30ean proiektatuko dute Kuxkuxtu: Parean, ondoan, elkarrekin dokumentala.