Sukaldaritza etxe
Esfortzua, diziplina eta sakrifizioa. Zerbaitetan arrakasta lortzeko, ezinbesteko ordainsari eta bidesari. Konstantzia bidelagun, gailurrerako bide neketsu bezain malkartsuan, lanaren garrantziaz jabetzeko balio izan zigun atzokoan Culinary Zinema sailean aurkeztu zen Grand Maison Paris fikzioak. Dedikazioak bueltan ekarri ohi duen errekonozimenduaz eta laudorio horiexek zure mugez harago lortzeak inplizituki dakartzan zailtasunei buruz ere aritu zitzaigun atzokoan Kei Kobayashi sukaldari japoniarraren istorioan oinarritzen zen filma. Kobayashik bere jaioterria utzi eta munduko sukaldaritzaren epizentro deituriko batera egin baitzuen bidaia: Paris liluragarrira, hain zuzen. Behin bi Michelin izar lortuta, erronkarik zailena zuen begi aurrean. Nola txunditu berarekin fio ez ziren kritikari frantsesak? Nola lortu lantalde konpaktu eta anitz bat, bere helburuaren mesedetan? Gako horien erantzunak, pantailan zein Paulo Airaudo argentinar euskaldunduak arrats hondarrean eskainitako afari bikainean eskaini zizkiguten.
Arestian aipatu moduan, ugaritan ez da aski izaten desio indar geldiezin bat. Beharrezkoa da iraunkortasunean fedea, onenen altzoan hezi nahi izatea profesionalki eta berauengandik ikasteko grinaz baliatzea momenturik garratzenetan. Lehen unetik, eszenatoki arrotzaren aurpegiak erakusten dizkigu Ayuko Tsukahara zuzendariak, oparotasunez jantzitako frantziar hiri dotorean kokatzen baitu bere kulturatik at izen eta ospe bat lortze bidean dabilen sukaldari japoniar gaztea. Ugariak dira sukaldaritza frantsesaren mundu mailako garrantziari buruzko aipuak eta ikusten du ikusleak zirkuitu hertsi bezain endogamiko batean dabilela borrokan protagonista, bere ametsa lortu nahian. Konpetentzia sutsua, produktuak lortzeko zailtasunak; bihurgune ugari errepidean. Filma teknikoki bikaina iruditu zitzaidan arren, bere argumentuak zeharkatutako zenbait bidek ez ninduten erabat ase. Labe artean lanean dihardutenen arteko liskarrek argi erakusten zuten korala eta kolektiboa dela horrelako jatetxe entzutetsuetan motorra mugiarazteko gai dena. Hala ere, istorio honetan zehar hiru izardun maisua izatera iritsi nahi duenaren eta bere gozo sekzioa zuzentzen duenaren arteko tirabirek apur bat aldendu egin ninduten trama zentraletik. Gainontzean, amaierako degustazio erabakigarrian ageri diren plateren irudi, azalpen eta aipamenak pedagogiko bezain estetikoki erakargarriak egin zitzaizkidan.
Lehen zatiaz egunotan jendez mukuru diren zine aretoetan gozatu ondoren —nahi lituzke batek horrelaxe ikusi zinemak urte osoan—, prest ginen gaueko protagonistaren alter ego-a izan zitekeenak asmatutako menua dastatzeko. Izan ere, bere etxetik kilometro dezentera arrakasta nabarmena lortzen ari den sukaldari konprometitu eta jakintsu baten platerek egin ziguten Basque Culinary Centerren ongi etorria. Mahai bueltan Paulo Airaudok aurkeztuari filmean entzundakoen oihartzuna zerien. Bertako produktuarekiko maitasun infinitua, teknikaren bidez errezeta liburu klasikoa astintzeko gosea ala sorkuntzarako beldurrik eza. Aipagarriak izan ziren xanpain saltsa batean blaituta aurkeztu ziguten ostra edota txahal italiarren haragia foie puska ederrarekin batzen zuen proposamena. Bazen gaueko oharrak zuzentzen ari zenaren jaioterri zein bizileku izanikoei omenaldiren bat baino gehiago. Amaierako tertulian aipatu zuenez, gurean jada urteak egin ostean, bertakotua sentitzen da Airaudo eta ohoretzat du sukalde figura totemiko zenbaiten ekosistema berdinean aritzea eta beraietaz etengabe ikastea. Nabari zitzaion atzo zerbitzatutako afariari kanpotarrak etxe sentitzen duenari dizkion kariñoa eta estimua.
Eta azkenik, Zinemaldiaren baitako aurtengo bitakora pertsonala itxi aurretik, aipatu nahiko nuke mahai gainean jarritakoaz bezain beste gozatzen dela ziklo honen baitan altzoan izan ohi dituzun mahaikideez. Horixe baita bere xarma, ene uste apalean. Kalifornian bizi den donostiarra, Madriletik esperientzia gosez etorritako bikote gaztea, Zarautzetik gerturatutako amandre jubilatu parea edo saltsa ugaritan barna dabilen sasi-kronista azpeitiarra mahai beraren bueltan elkartzeko ahalmena du Culinary Zinemak. Aurreiritzirik gabeko lehen solasaldi horietan atera ohi dira anekdota bitxiak, tarteko ezagunen bat edo beste ala hurrengo urtean bertan topatuko garenaren konbentzimendua. Izan ere, esperientzia probatua duenak izan ohi du errepikatzeko desira eder bat. Zinemaldiak zein Basque Culinary Centerrek gauzak fin eta txukun egiten dituztenaren seinale. Zorionak, beraz!