Udalak %3,5 igoko du Ondasun Higiezinen gaineko Zerga
Zaborren bilketaren tasa, berriz, %26,54 igoko dute datorren urtetik aurrera.
Donostiako Udalak 23 udal zergetatik hamabi igoko ditu 2025aren urtarrilaren 1etik aurrera. Udalbatzak gaur goizean adostu duenez, %3,9 garestituko dituzte udaleko tasa eta zerbitzu nagusiak. Esaterako, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ). Zaborren bilketa tasaren kasuan, berriz %26,54 igoko dute, gaur egun duen 5,5 milioi euroko zorrari aurre egiteko.
Kerman Orbegozo Ekonomia zinegotziak adierazi duenez, 2025erako proposamena baldintzatuta egon da bi faktore nagusien ondorioz: alde batetik, udalak hainbat zerbitzu emateagatik izan duen kostuen gehikuntzarengatik eta, bestetik, Europar Batasunak hondakinak jasotzeko zerbitzuak defizitik ezin duela izan jarritako baldintzagatik. Bide horretan, zinegotziak “ezinbestekotzat” jo ditu egindako aldaketok: “Nola egingo zenuke diru berdinarekin berdin mantentzeko zerbitzua?”, galdetu die oposizioko alderdiei, euren iritzia jaso ostean.
Esan moduan, 23 udal zergetatik hamabi aldatuko ditu udal gobernuak. “Proposatu ditugun aldaketen helburua da gure hiriak aurrera egiten jarraitzea, udal zerbitzu publikoen eskaintza sendotuz, betiere donostiarren ongizatea lehenetsiz. Gure asmoa da udal baliabideak modu eraginkor batean kudeatzea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe”, adierazi du Orbegozok.
TAO zerbitzua
Zerga arau berrien tramitazioa EAJ-PSE-EEren udal gobernuaren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren hainbat akordiorekin bukatu dute. Zuzenketa bidez adosturiko zergetako bat TAO zerbitzuarena izan da. %3,9 igoko dute, salbuespenekin. Izan ere, EH Bilduk egindako zuzenketa aintzat hartu du udal gobernuak. Horrela, egoiliar txartela dutenei eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonei ez diete tasa %3,9 igoko. Bestalde, udako egoiliar txartela %7,8ra igoko dute, eta ez aurreikusitako %3,9.
Adosturiko aldaketa nagusiak hemen kontsultatu ditzakezue.