«Batez ere, emozionalki eragiten dit Mexikotik urrun egoteak»
Urte asko daramatza Donostian bizitzen Cristina Correak. Loiolan bizi da, eta Andoainen egiten du lan. Mexikoz, bere zaletasunez, eta beste hainbat konturen inguruan hitz egin dugu, kafe baten bueltan.
Duela hamasei urte iritsi zen Cristina Correa Mexikotik Donostiara. Grosen bizi zen hasieran, baina Loiolan du etxea gaur egun, eta Latsarien plazan elkartu gara berarekin, okindegian gosaltzeko. «Etxean ariketa fisikoa egiten aritu naiz, eta ez dut gosaldu!», esan du, kafesnea eskatu aurretik.
Zerbitzariak kafeak atera ostean, terrazan eseri gara, eguzkitan. Eguzkitako betaurrekoak jantzi, eta Mexikora bidaiatu dugu, modu metaforikoan. Azken finean, Correaren hitzek bere lurraldea oso ondo irudikatzea eragiten dute: «Nire herriak Jilotepec izena du. Asko gustatzen zait hitz horren esanahia. Mexikon, kultura nagusia artoaren inguruan antolatuta dago. Jilotea arto freskoa da, eta tec-ek bertakoa esan nahi du. Beraz, gure herriaren izena honela itzul daiteke: Arto freskoa ematen duen zelaia». Hain zuzen ere, nawat hizkuntzako hitz bat da jilotepec, eta elkarrizketatuak azaldu duenez, «Mexikoko kultura eta izaera nawat hizkuntzako hitz bakoitzean islatzen da».
«Mexikon, kultura nagusia artoaren inguruan antolatuta dago»
Begiek dir-dir egiten diote Correari bere herriaz hitz egitean, eta xehetasun gehiago ematen jarraitu du. «Jilotepec oso txikia da. Gaur egun handiagoa da garai batean baino, gutxi gorabehera, Hernani bezalakoa. Oso zabala da, eta ni etxalde batean jaio nintzen. Beraz, baserriko ohiturak ditut: baserriko bizitza eta abereak asko gustatzen zaizkit, eta nabaritzen da gustatzen zaizkidala, gainera», esan du, barrez.
14 urterekin, etxaldea utzi eta hiri batera joan zen ingelesa ikastera. Ordea, nabarmendu du astero itzultzen zela baserrira. «Ez dut sentitzen etxaldea utzi nuenik; rantxerita bat naiz», adierazi du, harro.
Hamasei urte Donostian
Ingelesa ikasi ondoren, Batxilergoa ikasi zuen Correak, eta ondoren, AEBetan jatorria duen mezularitza enpresa ospetsu batean hasi zen lanean; ikasketa profesionalik gabe, ordea. «Horregatik erabaki nuen ikasketa profesionalak egitea eta unibertsitatean Nazioarteko Harremanak ikastea», azaldu du.
Gaur egun ere, mezularitza enpresa bateko administrazioan egiten du lan, Andoainen. Baina, nola iritsi zen Euskal Herrira Correa. Gustura erantzun du galdera hori ere. «Behin, Mexikotik Europara etorri nintzen, oporretan. Bi asteko bidaia bat egin nuen, eta hiri handiak ezagutu nituen, adibidez, Paris, Madril eta Bartzelona. Baina, azkenean, oporretara joaten bazara, turista zara, eta ez duzu dena behar bezala ezagutzen», esan du.
Eta ez zen turista gisa itzuli hurrengo aldian. Izan ere, Mexikora bueltatu eta lau urte pasatu ostean, Urretxuko gizon batekin maitemindu zen Correa. «Bi urtez, urrutiko harreman bat izan genuen. Ondoren, Donostiara bizitzera etortzea erabaki genuen, eta zuzenean, Mexiko Hiritik Grosera etorri nintzen, 2008an», azaldu du mexikarrak.
Donostia eta Mexiko oso desberdinak iruditu zitzaizkion, baina hamasei urte egingo dituzte elkarrekin hemen bizitzen, eta oso pozik dago: «Nire bikoteaz maiteminduta jarraitzen dut, eta beraren gauza asko gustatzen zaizkit. Donostia ere oso gogoko dut. Gustatzen zait ez zaizuela axola eguraldi txarra egitea, eta berdin-berdin kalera ateratzen zaretela. Kaleko giroa atsegin dut, berezia da».
Euskara ahoan
Aipatu ez badugu ere, euskaraz ari gara berriketan, eta primeran moldatzen da Correa. Horren inguruan ere hitz egin dugu: «Groseko AEKn hasi nintzen euskara ikasten. Ia sei urte eman nituen euskaltegian; ez beti Grosekoan, baina bai AEKn. Zoritxarrez, ez dut praktikatzen», esan du, ez dirudien arren.
Astero, Bagerako mintzapraktika talde batean hartzen du parte, eta «oso eskertuta» dago haiekin. Hori da egunerokoan euskaraz gehien hitz egiten duen momentua: «Azkenean, haiek gabe uste dut ni bezalako pertsona batentzat oso zaila dela euskara mantentzea. Jakitea lehen pausoa da, baina, gero, euskaraz bizitzea eta praktikatzea mintzapraktika saio horiei esker egiten dut. Batzuetan, laneko bezeroekin ere egiten dut euskaraz, baina oso gutxi».
Bere zaletasunek ere laguntzen diote euskara presente izaten. «Asko gustatzen zait irakurtzea. Euskara praktikatzeko, batzuetan euskaraz irakurtzen dut. Adibidez, Nikolas Txiki irakurri nuenean, oso gustura irakurri nuen. Hain da hemengoa…! Gustatzen zait hemengo gauzei buruz hitz egiten duten liburuak irakurtzea», azaldu du. Horrez gain, euskarazko pelikula gogokoenetariko bat ere etorri zaio burura: «Filmak ikustea ere asko gustatzen zait, eta euskal zinemari dagokionez, Aupa Etxebeste! gustatu zitzaidan asko».
Eta kulturalak ez diren zaletasunak ere baditu, noski. Donostian, bereziki, oinez ibiltzera ateratzea gustatzen zaio: «Oso erosoa eta polita da, eta hiriak gonbidatzen zaitu bertatik oinez ibiltzera. Adibidez, Urumea ondotik paseatuz, txoriak eta ahateak ikustea gustatzen zait».
«Donostia oso erosoa eta polita da, eta gonbidatzen zaitu bertatik oinez ibiltzera»
Lanbide «interesgarria»
Esan bezala, Andoainen egiten du lan Correak, mezularitza enpresa batean. Pozik hitz egiten du bere lanaren inguruan ere: «Mexikon mezularitza enpresetan egin nuen lan, eta hona etorri nintzenean, esperientzia nuenez, oso erraza zen horrelako enpresa batean lana aurkitzea. Kasualitatez, Andoainen lanpostu hori aurkitu nuen, eta, bereziki, inportazioen eta esportazioen arloan egiten dut lan».
Azaldu duenez, oso lan administratiboa da, eta besteak beste, askotariko paketeak arakatzen ditu. «Esportazioarena oso mundu potoloa eta zabala da. Egun batean, torloju bat izan dezakezu eskuetan, eta beste batean, agian, bizikleta bat, pastel bat… gauza asko», nabarmendu du. Hori dela eta, bere lana «oso interesgarria» dela adierazi du.
Euskal Herrian gustura bizi bada ere, badira Mexikotik faltan sumatzen dituen hainbat gauza; familia, bereziki. «Denborarekin, ikasten duzu haiek gabe bizitzen, baina faltan nabaritzen ditut nire amaren janaria eta hori prestatzeko erritual guztia. Batez ere, emozionalki eragiten dit urrun egoteak», nabarmendu du.
Bitxikeria gisa, nonbait kutsadura nabaritzen badu, Mexikoz oroitzen dela ere esan du: «Mexiko Hirian bizi izan nintzen urte askoan, eta kutsadura handia dago han. Batzuetan, hiri handi batera joaten naizenean, eta kutsadura usaintzen dudanean, Mexiko gogorarazten dit», azaldu du.
Konturatzerako, gosaltzen amaitu dugu, eta Correaren bizitzari errepaso ederra eman diogu. Lanera itzuli, eta irakurleentzat erreportaje hau idazteko garaia da.
Zaletasunen artean, janaria prestatzea eta jatea da gogokoena Cristina Correa mexikarrarentzat. «Kozinatzea asko gustatzen zait, eta beti saiatzen naiz plater mexikarrak prestatzen eta jendea horiek dastatzera gonbidatzen», nabarmendu du Correak.
Familia kontu bat dela esan du, gainera. «Nire familia osoak maite du jatea, bihotz-bihotzez. Janaria oso garrantzitsua da, eta nire amak janari tradizionalak prestatzeko erritual oso bat egiten zuen. Ondoren, guri irakatsi zigun nola egin. Izan ere, ez da jatea soilik: kozinatzeko eta prestatzeko modua ere garrantzitsua da, eta baita janari hori zergatik egiten duzun eta nola prestatzen duzun ere. Xehetasun pila bat daude Mexikoko plater bakoitzean», azaldu du.
Mole platera atsegin du —zopa oso beroa haragi egosiarekin eta piperminarekin—, baina, Mexikon, oso garrantzitsuak dira indipikondoak. Nola prestatzen diren azaldu du: «Kaktus mota bat da indipikondoa, eta prestatzeko modu pila bat daude. Bereziki, oso trebea izan behar zara arantzak kentzen. Kontuz ibili behar da, oso arriskutsua delako. Hori da zailena, eta, gero, arantzak eta azal zahar zatitxo batzuk kendu ostean, ura irakiten jarri behar da, indipikondoak egosteko (10-15 minutu, freskoak badira). Jarraian, ura kendu, eta indipikondoak karratutxotan mozten ditut, ondo jateko. Ondoren, saltsa mexikarrak gehitu diezazkiokezu, eta haragiarekin ere nahastu daiteke».
Prestatzeko beste modu «oso ospetsu» bat ere kontatu du: «Arantzak kendu ostean, parrilan bi buelta eman behar zaizkio. Ondoren, artozko tortilla batean jarri eta saltsekin nahastuta oso ona geratzen da».