Haur eskolatik hasita, urratsak egiten ari dira
Egiako Maria Reina eskolak berritasun batekin ekin dio ikasturteari. Haur eskola eta 2 urteko gela bereizten zituen horma kendu, eta bi eremuak batu dituzte trantsizioa hobetzeko.
Familien eta haurren zerbitzura urteak daramatza Egiako Maria Reina eskolak. 0 urtetik 16 urtera bitarteko hezkuntza zerbitzua eskaintzen dute. Hala, hauek dira zentroaren urratsak: haur eskola, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza. Ikasturte berrirako, hobekuntzak egin dituzte haur eskolan eta 2 urteko gelan. Ikasteko eta hazteko lekua izatea nahi dute.
Bost edo sei hilabeterekin hartzen dituzte haurrak Maria Reinan, eta haur eskola da haur horien lehen urratsa. Hausnarketa sakon baten ondoren, berritasun batekin hasi dute ikasturtea. Haur eskola eta 2 urteko gela bereizten zituen horma kendu, eta bi espazioak batu dituzte. «Haur eskola egokitu behar genuela argi ikusi genuen, familien beharrei erantzuteko. Izan ere, familia ereduak aldatu dira, eta baita haurren beharrak ere», azaldu du Gotzon Manzisidor zuzendariak. Haur eskolan eta 2 urteko gelan haurrak eroso sentitzea nahi dute, «beren erritmoan mugitzeko eta esploratzeko».
Horma kenduta, bi eremuetan aldaketak egiten hasi dira. «Hainbat txoko sortu ditugu, jolastu eta gauza berriak ezagutu ditzaten. Txoko bakoitza trebetasun desberdinak garatzen laguntzeko pentsatuta dago», adierazi du Manzisidorrek. «Espazioak konektatuta daude eta erraz sar daitezke haurrak. Horri esker, haurrek jolastu eta elkarri eragiten diote, betiere, hezitzaileen laguntzarekin», gaineratu du.
Haurren bizitzan, urtebetetik 2 urtera bitarteko trantsizioa «oso garrantzitsua» dela dio Manzisidorrek: «Giro babestuagoa izatetik, erronka eta aukera berriak aurkituko dituzte hazten jarraitzeko». Trantsizio hori arrakastatsua izan dadin, familiekin elkartu dira haur eskolan eta 2 urteko gelan. «Horri esker, haurrek modu naturalean ezagutu dituzte euren ikaskideak».
Hasi orduko hezten
Maria Reinaren hezkuntza sistema nabarmendu du Manzisidorrek: «Eskola diseinatuta dago haur eskolan hasten direnek jarraipen bat izan dezaten. Gure oinarria da egokitzea, haurra gustura egotea eta gurasoei lasaitasuna transmititzea». Haur eskolak bi funtzio nagusi dituela gaineratu du: «Batetik, haurrak gizarteratu eta estimulatu nahi ditugu. Bestetik, bizitza familiarra eta laborala erraztu nahi dizkiegu».
Horrekin batera, haur eskola familiak gizarteratzeko gune bihurtzen ari dela uste du. «Familiak oso gustura daude egindako hobekuntzekin. Berritasun horiek, espazioak hobetzeaz gain, urte bateko haurrak 2 urteko gelara igarotzea errazten dute», adierazi du Manzisidorrek.
Maria Reinak babestutako edukia