Hutsuneen izaera fisiko, emozional eta kolektiboa
ERREPLIKA
Zuzendaria: Pello Gutierrez · Urtea: 2024 · Saila: Zinemira
1978an, Hernaniko arraun taldearen traineruan bataioa filmatzen ari zela, atxilo hartu zuten Juanmi Gutierrez zinemagilea. Ondorioz, momentu historiko haren erregistrorik ez da existitzen. XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren figuratxoa norbaitek lapurtu zuen, hurrengo urtean, herrian. Ez da sekula agertu. Ermitaren ondoan eraikitako paper fabrikak eremua zabaldu nahi zuela eta, berau bota zuten handik zenbait urtera. Ez dute berriz eraiki.
Hiru ildo narratibo elkarri lotuta. Denetan ere, ideia bakar bat oinarrian: hutsuneak. Pello Gutierrezek ausentzia kontzeptuala aurkeztu du 72. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean, Erreplika, «eza»-ren izaera emozional, fisiko eta kolektiboa aztergai duena.
Aitaren heriotzak etxean eta beregan utzitako zuloa abiapuntu, hutsuneek ezkutatzen dituzten ametsak eta esleitutako esanahiak izan ditu donostiarrak saiakera filmiko honetan ardatz. Euskal zinemagintzako izen handi bati egindako omenaldi sentikor bezain pertsonala izaki, semeak haren tonu esperimental eta askeari fidel uztartu ditu aitaren bobina zaharretatik berreskuratutako filmaketak, gutun, berri paper eta testigantzak, zein lekukoen oroitzapenak.
Eta noski, Erreplika-k beregain du zinema hizkuntzari buruzko gogoeta ere. Irudiek osatzen dituzte planoak, sekuentziak, filmak. Eta zein aukeratu, zein baztertu, da zinemagile ororen betekizuna. Aitarena zen muntaketa mahaia erakutsiko digu Gutierrezek, gela horretantxe bertan emango die forma esku artean dituen (eta batez ere, ez dituen) irudiei. Horiek zer diote? Nola interpretatu eta irakurri?
Erantzunik ez duten galderen bilaketa konstante bat da Gutierrezen obra, irtenbiderik gabeko zurrunbiloa, etengabe agertuko diren hutsuneen segida. Eta, horiek ordezkatzeko errepliken inguruko hausnarketa.