'Joker: Folie à Deux' izango da Zinemaldiko film sorpresa
Zinemaldiaren 72. edizioko film sorpresa Joker: Folie à Deux izango da, Arthur Fleck/Joker pertsonaiaren inguruko Todd Phillips zuzendariaren esplorazio berria. Veneziako Mostrako sail ofizialean programatu ondoren, Joaquin Phoenix eta Lady Gaga protagonista dituen filma bihar proiektatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian egingo diren bi emanalditan: 08:30ean eta 16:00etan.
2019an Zinemaldiak film sorpresa bat programatzeko tradizioa berreskuratu zuenean, Joker izan zen, hain zuzen ere, aukeratutako filma. Film horrekin, Todd Phillipsek Urrezko Lehoia irabazi zuen Venezian, eta Phoenixek sari ugari jaso zituen, besteak beste, Oscar saria edo aktore onenaren Golden Globe saria.
Azken film honetan, Arthur Fleck pertsonaia instituzionalizatuta dago Arkhamen, Jokerren identitatearekin hilketengatiko epaiketaren zain. Bere identitate bikoitzarekin borrokan ari den bitartean, benetako maitasunarekin topo egiteaz gain, beti berekin izan duen musika deskubrituko du Arthurrek.
Todd Phillips, 2009an The Hangover filmarekin hasitako trilogiaren arduraduna, berriz ere gidoiaren egileetako bat da Scott Silverrekin (The Fighter) batera. Phoenix eta Gagaz gainera, Brendan Gleeson, Catherine Keener eta Zazie Beetz ere agertzen dira, eta Oscar saria irabazi duen Hildur Guðnadóttir konpositoreak sortu du filmaren soinu banda oraingoan ere. Phillipsek ere ekoizle lanak egin ditu, Emma Tillinger Koskoff eta Joseph Garnerrekin batera. Filma Warner Bros. Picturesek banatuko du, eta nazioarteko emanaldiak urriaren 2tik aurrera hasiko dira.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldiak honako film sorpresa hauek programatu ditu: Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin’ Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larrain, 2021), Blonde (Andrew Dominik, 2022) eta The Killer (David Fincher, 2023).