«Kuadrillen liga bat izanda ere, benetan lehiatzen gara»
Intxaurrondon, lagunarteko futbol liga bat sortu dute, eta urte eta erdi eskasean, bi talde izatetik hamalau izatera pasatu dira. Gorka Arriola (Intxaurrondo, 2001) da antolatzaileetako bat, eta, dioenez, liga serio hartzen hasi dira, baina argi dute helburua «auzokoak elkartzea» dela.
Nondik dator Kingtxa Ligaren ideia?
Iazko otsailean hasi ginen, gutxi gorabehera. Hogei lagunetik gorako kuadrilla da gurea, eta unibertsitate ikasketak, lana edo dena delakoak direla eta, bakoitza bere bizitza egiten hasia zen, eta gero eta gutxiago hasi ginen elkar ikusten. Hori dela eta, baten bati bururatu zitzaion futbol ligaxka bat antolatzea gure artean, astean behin jokatzea. Sei jokalariko bi talde sortu genituen, eta ostegunero jokatzen hasi ginen, 18:00etan; zita mugiezina zen. Bi talderen artean ez da liga bat bere horretan, baina tira, bost partidatik hiru irabazten zituenak irabazten zuen ligaxka. Noizbehinka, baten bat falta zenean, kuadrillako beste kideren batek betetzen zuen bere tartea, edo beste kuadrillaren bateko ezagunen batek. Horregatik, inguruko gero eta jende gehiago hasi zen egitasmoa ezagutzen eta parte hartzeko interesa erakusten.
Denbora gutxian asko hazi da, ezta?
Kuadrillako ligaxka horretako finalak iazko Intxaur jaiekin kointziditu zuen. Guretzat, izugarriak dira jai horiek, auzokoak garelako eta denok ezagutzen dugulako elkar; beraz, jende dezente etorri zen ikustera. Erabaki genuen izen ematea irekitzea, talde gehiago hasi ziren sortzen: iazko irailean, hamar taldeko liga bat hasi genuen. Proiektua gero eta serioago hartzen hasi ginen, eta orain hasi berri dugun liga hamalau talderekin abiatu dugu: denbora gutxian, beraz, hamabi pertsona izatetik 155 izatera pasatu gara. Hala ere, beti daukagu buruan kuadrillen liga bat dela.
Hau da, lehia dagoela, baina ez zaretela hiltzeraino lehiatzen?
Ez, ez, hemen hiltzeraino lehiatzen gara! [barrez]. Talde batzuek, sartzen direnean, uste dute hau patxanga bat dela, baina gero ikusten dute ezetz, kuadrillen liga bat izanda ere benetan lehiatzen garela. Eta hori da jendeari gustatzen zaiona, horregatik hazi da horrenbeste liga hau. Hori aurtengo Intxaur jaietan jokatutako finalean ikusi zen: bengalak eta tifoak egon ziren, sekulako giroa…
Parte hartzeko filtrorik badago?
Lehenengo filtroa zen Intxaurrondokoa izatea, baina bueno, orain Groseko hiru kuadrilla ere sartu dira ligan. Filtroa da ezaguna izatea, nolabait; ez bazaitugu guk ezagutzen, behintzat ezagun baten ezaguna izatea, erreferentzia bat edukitzea, ligaren esentzia galdu ez dadin.
Baina ez da gauza itxia inondik inora. Hain zuzen ere, talde desberdinetako parte hartzaileek elkar ezagutzeko, sei taldeko liga zen garaian, sei kuadrilla horien arteko liga bat egin genuen lehenengo, eta draft bidez osatutako taldeen beste liga bat ondoren. Hau da, pasatu ginen bakoitza bere kuadrillarekin jokatzetik, kuadrilla guztiak nahastuta jokatzera. Orain ireki dugun draft-eko izen ematean, aldiz, ezezagun batzuek eman dute izena eta utziko diegu parte hartzen, noski; asmo onez etortzen badira, guregatik primeran.
Zein da ligaren funtzionamendua?
Aplikazio bat daukagu, eta bertan zehaztuta daukagu liga osoko egutegia. Liga jokatzen dugun bitartean, kopa ere jokatzen dugu, eta, amaieran, play-off-ak. Hamalau taldeen arteko liga luze bat antolatzea aspergarria iruditu zitzaigun, eta, beraz, bi liga txiki antolatu ditugu oraingoan. Orduan, astero ligako jardunaldiak jokatzen dira, eta bi astean behin kopakoak, non bi ligetako taldeak nahasten diren. Partida guztietan, gutakoren batek epaile lanak egiten ditu, eta, aplikazioan, emaitzak sartzen eta koadroa osatzen joaten gara. Horrela, liga bukatzean, bi ligetako bost onenek kanporaketa bat jokatzen dute, eta onenak Kingtxa irabazten du.
Izen emateak ordainpekoak direnez, diru pixka bat badaukagu, sariak, materiala eta bestelakoak erosteko. Baina bueno, aurten, aztertzen ari gara liga amaieran sagardotegi bat edo horrelako zerbait antolatzeko ideia; ikusiko dugu!
Jokalariak ez ezik, zaleak ere egoten dira partidetan, ezta?
Bai. Askotan, jokatzen duten taldeetakoen lagunak etortzen dira, baina baita lagunak ez direnak ere, besterik gabe, partida ikustera etortzen diren auzotarrak.
Beti Mons pasealekuko zelaian jokatzen duzue?
Gehienetan, bai. Baina, batzuetan, Intxaurrondo Ikastolako zelaian eta Txomiñenekoan ere jokatzen dugu. Izan ere, alde batetik, euria egiten badu, Monsekoak asko irristatzen du. Bestetik, iluntzen badu, Monseko zelaian ez dago nahikoa argiztapen. Eta, azkenik, zelaia publikoa da, eta, noski, okupatuta baldin badago ez daukagu eskubiderik zelaia erabiltzen ari direnak botatzeko.
Soilik gizonek hartzen duzue parte?
Bai. Baina besterik gabe, ez dago arau bat dioena soilik gizonek ahal dutela parte hartu; egia da orain arte ez duela emakume bakar batek ere izena eman.
Etorkizunean, Queentxa Liga sortu dezakezue.
Hori da, bai, zeinek daki! [barrez].
Kings Leaguearen eredua jarraituz, partidak Twitchen zuzenean ematen hasi zarete, ezta?
Kuadrillako bati bururatu zitzaion, eta probak egiten hasi ginen: tripode batzuk, mugikor batzuk, baten bat komentarista izateko prest eta aurrera. Orain, probatzen ari gara epaileei mikrofono bat jartzea, ea zer moduz funtzionatzen duen. Intxaurrondoko batzuek tabernetan jartzen dituzte partidak, zuzenean ikusteko; horregatik ezagutzen dute liga auzoan, bai gazteek eta bai helduek.
Aurrera begira zer asmo duzue?
Ikusiko dugu, baina gure lehentasuna beti izango da auzoko jendea elkartzea; auzoko zerbait da, auzoarentzat.