PSOEkoen lapurreta eta punk taldeen erantzuna
1980ko hamarkadan punk musika eta mugimendua asko zabaldu ziren Euskal Herrian. Donostian ere presentzia handia zuen, talde eta zale ugarirekin. Mila pasarte izango dituzte buruan garaia bizi zutenek, eta horietako bat gogoratuko dugu oraingoan.
1977an ezarri baitaiteke Euskal Herriko punkaren jaiotza, Jakue Pascual Lizarraga autoreak (Donostia, 1961) Movimiento de Resistencia. Años 80 en Euskal Herria. Contexto, crisis y punk liburuan (Txalaparta, 2015) jasotzen duenez. Zaila izan ohi da mugimendu bat nork abiatu duen zehaztea, baina liburuan jasotzen denez, Donostiak izan zituen punkaren zenbait aitzindari, hala nola, Brakaman glam rock taldea (1974-1977), Pascualek «pre-punk» gisa aipatzen duena, edo Asco «protopunk» taldea (1977-1982), Egiako Kultura Gelan aurkeztu zena jendaurrean.
Horrela, «etorkizunik ez» lelopean, punk taldeak ugaritu egin ziren Euskal Herri osotik 1980ko hamarkadan, punk mugimendua izugarri zabalduz. Azkar bizitako garaia da, gizartearen arlo askotara iritsi zena, baita arlo moderatuenetara ere. Hain zuzen ere, garaiko pasarte ugarien artean, liburuan badago bat jasota, gogoratzea merezi duena.
Punkaren hazkunde betean
1982a zen eta Euskal Herriko punka «hazten» ari zen, Pascualek liburuan dioenez. Askotariko jaialdiak ugaritzen ari ziren, eta PSOEko gazteriak punk jaialdi bat antolatu zuen Donostiako Herriko Etxean, hauteskunde kanpainaren bueltan. RIP arrasatearrek, Basura errenteriarrek, Optalidon egiatarrek (1980-1987, gutxi gorabehera) eta Odio errenteriarrek jo zuten. Optalidoneko kideek garaiko Destruye!!! fanzineari kontatu ziotenez, bi aldiz jo zuten beraientzat, Felipe Gonzalezen alderdiko gazteria San Martzial kaleko La Voz de España-ren eraikinaren okupazioaren proiektuan sartuta zegoelako —1983an okupatu zuten, gaztetxea irekitzeko—.
«Nahaste-borraste» handia egon zela azaldu zuten punkek: «Taldeek ez zuten kobratzen […]. Talde bakoitzari 5.000 pezeta eman zizkiguten, tabernako kontsumizioetan gastatzeko. Guk 5.000 utzi genituen zorretan. Xanpain botilak atera genituen eta generaman aitzurrarekin, gure ekipoa han utzi genuen».
Are gehiago, PSOEkoek euren egoitzara eraman zuten material guztia eta taldeei esan zieten ez zietela itzuliko, 5.000 pezeta horiek ez bazituzten ordaintzen. Punkek, aldiz, euren kabuz konpondu zuten arazoa, Optalidonekoek fanzinean azaldu zutenez: «Garbitzaileak zeudenean joan ginen haien egoitzara eta esan genien aurreko eguneko musikariak ginela. Dena atera genuen». Punkak 1, PSOEko gazteak 0.
Donostia, talde ugariren etxe
Pasarte horretatik harago, Donostiako punkak aparteko erreportaje zabal bat mereziko luke, Errege Katolikoen kaleko El Huerto lokal mitikotik hasita. Hala ere, ezin da galdu liburuan aipatzen diren talde donostiarrak gogoratzeko aukera, punkak edo punkaren gertukoak izateagatik, denek euren ekarpena egin zutelako.
Erreportaje honen hasieran aipaturiko Brakaman eta Asco aitzindaritzat jo daitezke, baina baita Mogollon (1978-1985), No (1970eko hamarkadaren bukaera-1983) eta Negativo (1978-1980, gutxi gorabehera) ere. Bestalde, 1980ko hamarkadaren lehen urteetan jaio ziren Puskarra (1980-1983), Speed (1984-1993. Ondoren, itzuli ziren. Gamberros Unidos sortu zuten paraleloan, 1986an), Vidas Ejemplares (1980ko hamarkadako erdialdea-1986, gutxi gorabehera), Agrimensor K (1981-1983, gutxi gorabehera) eta Los Elasticos (1980aren bueltan jaioa, ondoren Los Hormigones bihurtu zen). Halaber, aipamen berezia merezi dute Ignacio Maria Gaska Ajuria Poch-en proiektuek (Donostia, 1956-1998): La Banda Sin Futuro (1978-1983), Derribos Arias (1982-1984) eta bakarlari gisa aritu zen 1984tik aurrera. Azkenik, 1980ko hamarkadaren amaieran jaiotako talde batzuk ere aipatzen dira liburuan: La Perrera (1987-1992), Desorden (1985-1992), Txorromorro (1986-1989) eta Utikan (1987-2007).
Punkaren garai hori pasatu da, baina punka ez da hil. Etorkizunik ez dagoela sentitzen delako sarritan, baina etorkizun baten alde borrokatzea delako bide bakarra; Nakar post-punk donostiarrek dioten moduan, batzuetan lore garelako eta beste batzuetan laban.