'The Ogrocadaver' erakusketak Iker Bengoetxea añorgatarraren artea jasotzen du
Añorgako Museum Cemento Rezolak eta Heidelberg Materialsek The Ogrocadaver erakusketa inauguratu dute añorgARTEA gunean. Iker Bengoetxea Arruti artista añorgatarraren linograbatu eta akriliko sorta batez osaturikoa da. Azaroaren 4ra bitarte ikus daiteke Museum Cemento Rezolan bertan.
Bengoetxearen bederatzi lan daude ikusgai, baita bere estilo pertsonalari erreparatzeko aukera ematen diguten margolanak ere. Bere sorkuntza lanek begirada pausatua eskatzen dute lan bakoitzaren xehetasunez, artelan bakoitzaren atzean artista horren lan handia islatzen duten xehetasunez, gozatu ahal izateko.
Artistak arte bisualetan gauzatzen du bere jarduera, batez ere teknika grafikoak eta margolanak landuz, hein batean musikari loturik. Arte bisualean aritzeaz gain, musika ere egiten du, Karl-Heinz Jürgenwolf izengoitiarekin.
Bengoetxea Arte Ederretan doktorea da, eta diseinu grafiko eta arte irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Marrazketa Sailean. Besteak beste, Polonian, Alemanian, Frantzian, Serbian, Errumanian eta Errusian egon dira ikusgai bere lanak.
Sorkuntza artistikoaren hainbat diziplina lantzen dituzten Añorgako bizilagunen proposamenak eta lan artistikoak ikusaraztea du helburu añorgARTEA espazioak.