Sarriegi plazan omendu dituzte Txiki eta Otaegi
Txiki eta Otaegi omentzeko ekitaldi ugari egin zituen Sortuk, pasa den ostiralean, haien hilketaren 49. urteurrenean. Hain zuzen ere, 50 herri eta hiri baino gehiagotan mobilizatu ziren, eta Donostiako ekitaldia Parte Zaharreko Sarriegi plazan izan zen.
Frankismoak FRAPeko hiru kiderekin batera fusilatu zituen Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi. 21 eta 33 urte zituzten, hurrenez hurren, eta frankismoaren azken biktimak izan ziren. Hilketa horiek gaitzetsi eta haien oroimena aldarrikatzeko ekitaldi berezia egin zuten Sarriegi plazan, Irrintzi bat dabil leloa duen ekitaldiaren baitan. Musikarekin eta lore eskaintzarekin gogoratu zituzten Txiki eta Otaegi.