Amaitu da hondartza denboraldia, «gertaera aipagarririk gabe»
Donostiako Udalak hondartza denboraldiaren amaierarekin batera, balorazioa plazaratu du gaur. Lau hilabetotan okupazio maila “ertain-altua” izan dela adierazi du Hondartzen zinegotzi Carlos Garciak.
Zinegotziak nabarmendu duenez, “hondartzetan ez da ia gertaera aipagarririk izan, karabela portuges gutxiago iritsi dira gure hondartzetara, baina hala ere zenbait ziztada egon dira. Hondar mugimendu batzuk erregistratu dira, eta horiek baldintzatu egin dute denboraldiaren garapena, batez ere Ondarretako hondartzako Tenisetik gertuen dagoen eremuan, non ontzi zahar baten zuaker zati bat ere aurkitu den”.
Garbiketa
25 langile arduratu dira egunero hondartzen garbiketaz. Horretarako, arraste traktoreak, bahegailuak, eta hondakinak biltzeko kamioiak erabili dituzte, baita itsasontzi bat ere, gabarroiak garbitzeaz eta badiatik elementu flotatzaileak kentzeaz arduratzen dena.
Iaz baino hondakin gutxiago bildu dira hondartzetan: 291.720 kilo (2023ko 357.647 kiloen aldean). Hondakinen birziklatzeak, ordea, gora egin du: 1.266 kilo beira bildu dira edukiontzietatik (2023an 1.145 kilo). Hondakin organikoen gaikako bilketa murriztu egin da: aurten 960 kg bildu dira, iazko 2.252 kiloen aldean. Plastikozko ontzien kasuan, gaikako bilketak apur bat behera egin du, 14.703 kilo bildu dira guztira (iaz 14.948 kg).
Sorospena
Sorosleek 1.318 asistentzia eman dituzte hondartza denboraldian, eta Kontxako hondartzan erregistratu dira asistentzia gehien. Iaz 821 izan ziren. Guztira 102 erreskate egin dira (2023an, 39), batez ere, Zurriolako hondartzan, mareak eta olatuak direla eta. 65 pertsonak sorosleen laguntza behar izan dute uretatik ateratzeko; iaz, 79 izan ziren.
Hondar galera
Mareek hondartzen profilak baldintzatu dituzte, batez ere Ondarretan, hondar asko mugitu da Loretoperantz, eta beraz, Tenisetik gertu dagoen eremuak hondar asko galdu du. Denboraldia hasi baino lehen, profilatzeko ohiko lanak egin ziren, hondartzetako sarbideak eta zerbitzuak errazteko.
Garciiak adierazi duenez, “aurten ere, bainularien kexak jaso dira Zurriolan bainatzeko daukaten lekuan surflariak eta surf-eskolak daudelako. Beharrezkoa da surfaren praktika arautzea, inork bainatu nahi badu surflariek eragozpenik ez sortzeko. Dagoeneko lantzen ari garen gai bat da, inplikatutako alde guztiekin gainera”.
Gogorarazi dutenez, denboraldia amaitu denez, maiatzaren 31ra arte txakurrak hiriko hondartzetara sar daitezkeela.