San Marko zabortegia behin betiko ixteko lanak hasi dituzte
San Marko Zabortegia ixteko eta zigilatzeko lanak duela gutxi hasi dira, Eñaut Gracia Ibarra San Marko Mankomunitateko presidenteak gaur jakinarazi duenez. Horretarako, azken fasean, zonaldea kapsulatu egingo dute; hau da, egun azpian dagoen kapa geosintetikoaren moduko bat jarriko dute gainean ere, 3 milioi tona zabor estaltzeko. Lanak 10 hektareako eremu batean egingo dituzte eta azken fase horrekin amaiera emango diote zabortegia berreskuratu, itxi eta zigilatzeko 20 urteko obra proiektuari.
Presidenteak berak, Donostiako, Errenteriako eta Astigarragako ordezkariekin batera egindako prentsa agerraldian adierazi duenez, 7 milioi euroko kostua izango dute, eta aurreikuspenak betetzen badira, urte eta erdiko iraupena izango dute. Askotariko zigilatzez gain, drainatze sistemak eta euriaren urak bideratzeko eta husteko geruzak egingo dituzte. Era berean, hondakinak transferitzeko instalazioak ere desegingo dituzte: “Oso albiste pozgarria da. 100.000 metro koadro edo, termino popularretan, Anoeta futbol zelaia bezalako 14 dira. Orduan, ikusten dugu obra handi bat dela”, adierazi du Gracia Ibarrak.
Nolanahi ere, lanak ez dira datorren urtean edo hurrengoan etengo. Mankomunitateko presidenteak adierazi duenez, obra handiak bukatu diren arren, datozen 30 urteetan jarraipen zorrotza egin beharko dute teknikariek, isuririk ez dagoela eta lixibatuak kontrolpean daudela bermatzeko, besteak beste: “Hau ez da etxeko atea itxi eta alde egitea bezala. Azkenean, hiru milioi hondakin eta denetik egon daiteke hor eta oso jarraipen zorrotza egin behar da, askotariko teknikari eta organismoen bitartez”.
1970eko hamarkadatik
San Marko 1970eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen zabortegi gisa. Hasieran, ingu8rko Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalerriek erabiltzen zuten soilik, baina 1988 urtetik aurrera, egokitzapen eta handitze obrak egin zituzten beste herri batzuetako hondakinak ere jasotzeko. Hala, urte hartatik aurrera, Mankomunitateko beste hainbat herriek egin zuten moduan, Donostiak ere hondakinak garraiatu zituen Altza eta Errenteria artean dagoen berdegunera. 2008an, berriz, San Marko zabortegiak behar behera utzi zuen hondakinen isurketa eta ustiapen-eremuak lurrez estali zituen.