Isabel Azkarateren ibilbidea sarituko du Basque Dok Festival jaialdiak
Basque Dok Festival jaialdiak Isabel Azkarate argazkilari donostiarra sarituko du, bere ibilbide luze eta oparoa aitortzeko. Donostian eta Bilbon izango da jaialdia, urriaren 24tik 31ra, eta bosgarren edizioa izango da: “Aurtengo edukiek irudi garaikidearen lengoaiak erakutsiko dizkigute, ikuspegi kulturaniztun batetik. Sektore horretan emakume artistek egin behar duten lana berriro nabarmendu eta ikusaraziko dugu, eta, horrez gain, sortzen ari diren artista gazteen aldeko apustua egingo dugu”, azaldu du jaialdiak.
Azkarate (Erdialdea, 1950) Euskal Herriko lehenengo emakume fotokazetarietako bat da eta ibilbide luze zein oparoa egin du fotokazetaritzan, nazioarteko zein Euskal Herriko gertakari ugari erretratatuz. Hedabide askorekin egin du lan, eta Zinemaldiko argazkilaria ere izan da. Iaz, haren lanaren atzera begirako erakusketa jarri zuten Tabakaleran, eta, horren harira, hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen berarekin.